(H)emen – Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzendutako elkarteak aditzera eman ditu AUKERA mentoretza programan parte-hartuko duten proiektu hautatuak. Gidoi, zuzendaritza eta ekoizpen prestakuntza intentsiboa jasoko dute eta, ondoren, ZINEBI Jaialdiaren Industria atalean egingo dituzte pitchingak.

(H)emen elkarteak sustatutako, eta Zineuskadiren, Kutxa Kultur erakundearen, Zinebi –  Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien laguntza duen emakumeek sortutako film laburrentzako mentoretza programa da AUKERA. Ikasketetatik profesional bilakatzeko bidea egiten ari diren, eta ikus-entzutezkoan lan egin nahi duten 18-35 urte bitarteko emakumeak babestu eta ahalduntzeko xedez sortu zuten: ikus-entzunezko sektorean lan egin nahi duten emakumeei haien ibilbide profesionala EAEn hasi eta garatzeko lan aukera emateko.

Honekin batera, Euskal zinemaren sektorean eta film laburren esparruan emakume sortzaileek sortutako lanen ekoizpena bermatu eta, oraindik ere, nabaria den arrakala gainditu nahi du (H)emen elkarteak. Euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen kopurua handitzea litzateke epe-ertainerako helburua; 2024 urterako, EAEko film laburren jaialdietara eta film laburrak ekoizteko ikus-entzunezko dirulaguntzetara aurkezten diren proiektuen %50a emakumeek sortutakoa izatea.

Bada, zinemagintzarekin edo ikus-entzunezkoekin lotutako ikasketak egin dituzten edo egiten ari diren 18 eta 35 urte bitarteko emakumeak dei egin dituzte parte-hartzera eta, jasotako proiektu mordoaren artean ebatzi dituzte sei hautatuak:

  • EZAGUTZEN DITUDAN BEKAIN GUZTIAK (Marta Codesido Martinez, Nuria Ubach Vilá)
  • GURE GOZAMENA (Amaia Chocarro Salaberria, June Guirado Rodriguez, Adriana Gredilla Larrozea)
  • TICK TACK (Marina Marroquín, Iris Rodriguez Rico, Alejandra Rastrilla)
  • MI REY (Irene Royo Abrego, Sara Vozmediano Vicente)
  • NOVA RED (Laura Perez Maquedano, Laura Gutierrez Bernet)

Maiatzetik azarora bitarteko prestakuntza

Mentoretzak maiatzean (gidoi-mentoretza), ekainean (zuzendaritza- mentoretza) eta uztailean (ekoizpen-mentoretza) burutuko dira, eta asteburu oso bat eskainiko zaio bakoitzari. Irailetik azarora bitartean,  aldiz, partaideek ikuspegi feminista duen ahalduntze ikastaro bat, dosierrak garatzeko ikastaro bat, eta pitching ikastaro bat jasoko dituzte. Programa amaitzeko, parte-hartzaileek beren proiektuak Zinebi jaialdiaren Industria atalean egingo den pitching saioan aurkeztuko dituzte.

Programan zehar garatutako azken dosierra eta egindako pitching saioa kontuan hartuta, (H)emen elkarteak izendatutako epaimahaiak proiektuaren ekoizpenera bideratutako hiru AUKERA sariak erabakiko ditu. ZINEBIren itxiera ekitaldian, jaialdiko gainerako sariekin batera, ezagutaraziko dira proiektu irabazleak.