Errenteriako Ozzinema Zineklubak aste emankorra izango du. Gaur, bihar eta etzi, film bana proposatuko dute Niessen Kulturuneko zinema aretoan. Lanak jatorrizko bertsioan eta gaztelerazko azpitituluekin proiektatuko dituzte.

Ozzinema-a los libros y a las mujeres canto-zinea

Ohiko astearteetako saioaz gain, Errenteriako Ozzinema Zineklubak asteazkenean eta ostegunean ere hitzordua atondu du herriko zinemazaleekin. Eta proposatutako filmen artean, iragan asteburuaz geroztik herriz herri erakusten ari diren Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto proiektuaren emanaldia izango da bereziena. Hilaren 26an, 19:45ean, sortzaileak bere opera prima aurkeztuko du, ikus-entzuleekin hitz egiteko tartea ere hartuz. Gaztelaniaz eta italieraz filmatua, 72 minutuko iraupena du Donostia Zinemaldiaren 70. ediziotik arrakastatsu igarotako filmak, nazioarteko zinema jaialdi ugaritan lehiatu eta erakutsi dutenak.

Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, liburuak zaintzen dituen armada anonimoari egindako kantua da A los libros y a las mujeres canto, horietako bakoitzak borrokatzen duen erresistentzia intimoari; epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa: Emakume bati ia Avioneta (hegazkin txiki) izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Beste batek etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek disertazioak entzuten dituzte lanean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte.

Aurretik, gaur bertan, Robert Altmanek zuzendutako Gosford Park (2001) emango dute, jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuena: 1932ko azaroa, Godsford Park landetxea.  Sir William McCordlek eta bere emazte Lady Sylviak senide eta lagunak gonbidatuko dituzte ehizaldi batera: kondesa bat, Lehen Mundu Gerrako heroi bat, Ivor Novello masa idoloa eta zinema ekoizle estatubatuar bat. Gonbidatuek goiko luxuzko gelak betetzen dituzten bitartean, beren zerbitzariak anfitrioien zerbitzariekin bizi dira behean. Hala ere, dena ez da dirudiena, ez apopiloen artean, ez nagusien ongizatean ahalegintzen diren zerbitzarien artean.

Hilaren 27an, aldiz, Errenteriako Argazkilari Elkartearekin lankidetzan, Don’t Blink: Robert Frank (Laura Israel, 2015) dokumentala egongo da ikusgai. Robert Frank munduko argazkilari ospetsuenetako bat da, baina ez zuen argazkigintzaren artea bakarrik irauli, zinema independentea ere bai. Bere eguneroko bizitzako erretratu eta argazkiek Londresko bankarien, eskoziar meatzarien, Beat belaunaldiaren edo Rolling Stones bezalako rock izarren bizitzak bezalako momentu ezberdinak harrapatu zituzten.

Astearteko eta osteguneko saioak 19:30ean hasiko dituzte, eta sarrerak kulturuneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta online eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.