Apirilaren 17tik 22ra bitartean egin dute ICOFF – Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Festibala, eta Estibaliz Urresolaren lanak irabazi du 2023ko sari nagusia. Arabako film labur onena Artesania (David Perez Sañudo) izendatu dute, eta euskarazko film onena, aldiz, Muga (Eñaut Castagnet).
Mundu osoko film laburrak eskaini dituzte, bigarren urtez, ICOFF festibal gasteiztarrean. Sonia Pacios eta Kepa Sojo zinemagileek Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatu dute, eta “publikoaren erantzuna ikaragarria” izan dela nabarmendu dute. Hiru ataletan -sail ofiziala, Eusko-Araba, eta nazioartekoa- banatu dituzte lanak, eta jendaurreko emanaldiak bukatuta, epaimahaiak ebazpenaren berri eman du. Raquel Guerrero, Manu Gomez eta Ivan Miñambres arduratu dira zereginaz, eta lehian izan diren ekoizpenak ikusita, Estibaliz Urresolaren Cuerdas film laburrari eman diote festibaleko sari nagusia.
Ohi bezala, fikziozko lan onena (Las visitantes, Enrique Buleo), dokumental onena (Why, Natxo Leuza; El Kala, Diego Perez) eta animaziozko ekoizpen onena (Phonorama, Alex Rey) ere zehaztu dituzte, eta epaimahaikideek aipamen berezia ere egin nahi izan diote Mussol (Juanjo Gimenez) film laburrari. Ikus-entzuleek, Lentejas (Jose Antonio Campos) goratu dute, boto bidez.
Bestalde, David Perez Sañudok zuzendutako Artesania izan da Eusko-Araba saileko irabazlea, eta Psicópatas de clase media (Álvaro Herrero eta Héctor Amado) euskal film labur onena. Euskaraz errodatutako ekoizpenen artean, Eñaut Castagneten Muga nabarmendu dute.
Jarduera paraleloak
Filmen emanaldiez gain, bestelako jarduerak hartu ditu ere ICOFF – Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Festibalaren bigarren edizioak, “jende guztiarentzako eta hiriko irakaskuntza ertain eta unibertsitarioetako ikasleentzako” atondutakoak. Bada, apirilaren 19an, Ivan Miñambres ekoizlearekin (Uniko) topaketa egin da Montehermosoko Betolaza aretoan. Animaziozko filmen ekoizpen prozesua izan du hizpide, Unicorn Wars (2022) lan saritua oinarri hartuz.
Hurrengo egunerako, ordu eta toki berean, hitzordu bikoitza prestatu dute. Batetik, (H)emen plataforma aurkeztu da, Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea, Izaskun Arandia plataformako presidentearen hitzaldiarekin. Bestetik, Euskadiko Filmategiak bultzatutako eta María Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatutako ‘Euskal emakume zinemagileak’ liburua aurkeztu dute.
Hilaren 21ean, aldiz, Manu Gómez zinemagile eta gidoilariarekin topaketa atondu dute, Betolaza aretoan. Miñambres bezala, aurtengo epaimahai ofizialeko kidea izan da, eta sormen-prozesuaz eta zineman eta telebistan duen esperientziaz aritu da hizketan.