Kanaldude eta beste eragile batzuek bultzatuta, Zukugailua izeneko elkartea sortu zen 2020ko urte bukaeran, Ipar Euskal Herrian, euskarazko zinema independentearen inguruko eragileak bildu, egituratu eta zinemagintza bera sendotzeko, film bikainak ematen ari den une honetan. Eta, hortik, Euskal Herri osora zabaltzea da asmoa.
14 lagunek sortu zuten elkartea, pertsonek bakarrik baitaukate izena emateko aukera, eta gaur egun 32 kide izatera iritsi dira. Haiek dioten moduan, ikus-entzunezko lanen sorkuntza- eta banaketa-kate osoa ordezkatzen dute, eta egitura baten premian zeudela sumatu zuten. Sinergiak, baliabideak, prestakuntza, gazteen sorkuntzarako laguntza eta obren sustapena eskaintzeko, eta lanen banaketa-sarea antolatzeko. Gainera, Hego Euskal Herriaren eta Akitania Berriaren artean kokatuta egoteak abantaila handia ematen dio Ipar Euskal Herriari, zubigintza bultzatzeko.
Negu honetan Maitane Hernandez-Eiheramonhok hartu du Zukugailua elkartearen ardura eta berarekin izan gara Itsasuko bulegoan, elkartearen jardueraren berri eman diezagun eta bere lanaren xehetasunak zehaztu diezazkigun.