Itoitz musika taldearen memoria arakatuko duen Itoiz Udako Sesioak dokumentalarekin parte hartuko du Doxa Producciones ekoiztetxeak Marche du Film merkatuko Cannes Docs sailean. Bilboko DigiPen eskolako ikasle den Pablo Riosen Chuminadas animadas eta EQZEko Laura Ibáñez Lópezen Corpúsculo lanak Short Film Corner-eko 2cool4school Vol.3 atalean erakutsiko dituzte.
Cannesko Jaialdiaren Marche du Film egitasmoa 2023ko programa argitzen ari da, tantaka-tantaka. Iragan astean ezagutu genuen Fantastic 7 atalean Filmax eta Bixagu Entertainment euskal ekoiztetxearen arteko koprodukzioa den La Ermita proiektua izango dela, eta euskal proiektu gehiagoren berri jakin dugu. Maiatzaren 18tik 23ra bitartean egingo dute Cannes Docs sailaren baitan, Itoitz musika taldearen memoria arakatuko duen Itoiz Udako Sesioak dokumentalarekin parte hartuko du Doxa Producciones taldeak.
2022an Sunny Side of the Doc jaialdian izan ostean, Larraitz Zuazok zuzendutako lanaren lehen irudiak abenduan zabaldu zituzten ekoizleek Euskal Telebistaren bitartez, eta zinema industriako merkatu garrantzitsuenean saiatuko dira orain proiektua gorpuzten. 90 minutuko iraupena izango duen pieza ontzen ari dira; erro dokumentalak eduki baina fikziotik ere edango duena.
Zuzendaritzaz gain, Zuazok idatzi du gidoia, Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea ekoizleekin batera. Hasiera batean, dokumentalaren proposamena hiru ikuspuntutatik hurbilduko zaio taldekideen figurara. Alde batetik, ekoizpenaren azken bost urteetan bildu duten artxiboko materiala dago. Bestalde, taldekideei eta haien gertukoei egindako elkarrizketak eta, azkenik, taldearen lehen urteetan oinarritutako zati fikzionatuak ere jasotzen ditu.
Juan Carlos Perez eta Itoitz
70eko hamarkadaren amaieran Mutrikuko mutil batek Rock-talde bat sortu nahi zuela erabaki zuen. Hamar urte beranduago, talde horrek aretoak bete eta salmenta-markak hausten zituen. Euskal musikaren panoraman erreferente bilakatu zen Itoiz. 10 urteko historia labur baina arrakastatsuaren ondoren, Juan Carlos Perezek abentura amaitutzat eman zuen. Kritikari eta zaleen harridurarako, unerik gorenean erabaki zuen ibilbidea etetea; 30 urte beranduago ezin dio haren itzalari iskin egin.
Izan ere, zer geratu da 70eko hamarkadaren erdialdean eztanda egin zuen banda hartatik? Zalantzarik gabe, bizirik dirauen kultura-ondarea. Hain zuzen, aztarna horiek guztiak biltzen saiatu da Doxa Producciones ekoiztetxea. Juan Carlos Perez buruaren eskutik, izan zenaren eta izan zitekeenaren puzzlea berrosatzea da xedea.
Zinema ikasleen topagunea
Zinema ikasleen film laburrei irtenbide ematea helburu duen Short Film Corner-eko 2cool4school Vol.3 atalaren barruan, bestalde, Hego Euskal Herriko bi eskoletan garatutako proiektuak egongo dira ikusgai.
Batetik, animaziozko zinemaren babesleku bilakatu den DigiPen Institute of Technology Europe Bilbaok ordezkaritza izango du: Chuminadas animadas (Pablo Rios). Bestetik, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle izanik Laura Ibáñez Lópezek sortutako Corpúsculo erakutsiko dute.
Egitasmoa maiatzaren 21etik 24ra egingo da.