Cannesko Jaialdiaren baitako Marche du Film egitasmoak 2023ko edizioko Fantastic 7 atalean parte-hartuko duten filmen zerrenda iragarri du. Filmax eta Bixagu Entertainment euskal ekoiztetxearen arteko koprodukzioa den La Ermita da proiektu hautatuetako bat.
Carlota Pereda zuzendariaren (Cerdita, Las Rubias) bigarren proiektu luzea da La Ermita, Filmax (Laura Fernandez Brites eta Carlos Fernández) eta Bixagu Entertainment euskal ekoiztetxearen arteko koprodukzioa eta Euskal Herrian errodaturikoa. Belen Rueda aktore espainiarra da beldurrezko film honen protagonista, lehen aldiz aktore lanetan aritu den Maia Zaitegi gaztearekin batera.
Filma zortzi astez errodatu zuten Euskal Herriko hainbat lokalizaziotan, eta XVII. mendeko izurritearen medikuak dira pelikularen inspirazio-iturri. Izan ere, erabat isolatuta bizi ziren pertsonaia ilunak ziren, maskara beldurgarrien eta tunika luzeen azpian ezkutatuta, eta hagaxka zorrotzak zeramatzaten pazienteengandik babesteko eta kutsatzea saihesteko. Horietatik abiatuta sortu dute zuzendariak berak zein Albert Bertran Bas eta Carmelo Viera gidoigileek iraganaren eta orainaren, suspensearen eta fantasiaren artean kokatzen den fabula hau; genero-zinema gainditzen duen ama-seme-alaben maitasuna, heriotza, mamuak edo geure buruarekin eta ingurukoekin adiskidetzea bezalako gaiak aztertzeko.
Emmak (Zaitegi) mendetan baseliza batean harrapatuta dagoen neskato baten espirituarekin komunikatzen ikasi nahi du, eta horregatik saiatzen da Carol (Rueda), medium sineskaitz eta faltsu bat, helburu hori lortzen lagun diezaion konbentzitzen. Badirudi, gainera, espirituarekin harremanetan jartzeak, galdutako amarekin lotura mantentzen lagunduko dio hura hiltzen denean. Carolek susmatzen ez duena da Emmak benetan baduela dohaina, eta bere laguntzarik eta zaintzarik gabe jarduten saiatzen jarraitzen badu, bere bizitza arriskuan jarriko duela.
Filmak EITB taldearen parte-hartzea izango du, eta euskal izenen zerrenda luze batek osatuko du aktore-zerrenda: Josean Bengoetxea, Loreto Mauleón, Jon Olivares, Elena Irureta, Nagore Aranburu, Aiora Izaguirre, Araia Diaz, Iñaki Beraetxe, Ainhoa Aierbe eta Ane Pikaza, besteak beste.
Cannesko merkatuan, Fantastic 7 atalean
Zineuskadi Elkartearen eskutik heldu dira azken berriak: Cannesko Jaialdiaren baitako Marche du Film egitasmoak 2023ko edizioko Fantastic 7 atalean parte-hartuko duten filmen zerrenda iragarri du, eta La Ermita da proiektu hautatuetako bat.
Nazioarteko lehen mailako zinema jaialdiek proposatzen dituzte atal honetarako proiektuak eta, antza, Sitges – Kataluniako Fantasiazko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren hautua izan da filma aurkeztea.