Malala ikasle ausarta erakusketa atondu du Donostia Kulturak, apirilaren 21etik 28ra ospatuko den Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren karietara. Gaurtik hasita, ekainaren 11ra arte izango da bisitatzeko aukera, Aiete Kultur Etxean.

Malala Yousafzai (Mingora, Pakistan, 1997) emakumeen hezkuntzaren aldeko ekintzailea da, Nobel Saria jaso duen pertsonarik gazteena. Giza Eskubideen aldeztaile ospetsua da; bereziki, Pakistan iparraldeko Khyber Pakhtunkhwa probintzian dagoen bere sorterri Swat haranean emakumeek eta haurrek hezkuntza izatearen borrokan aritutakoa. Izan ere, lurralde horretan,  Talibanen mehatxupean bizi dira neskatoak, eta hainbat alditan galarazi zaie eskolara joatea.

Yousafzaik blog bat idatzi zuen BBCren webgunean, 11–12 urte bitartean zituela. Blog horretan azaldu zuen nola talibanek bere herria zapalduta zeukaten. Aktibismo hori geldiarazteko asmoz, taliban bat Malala erailtzen saiatu zen 2012an: autobusean zihoala, gizon bat igo zen armatuta, eta tiro egin zion. Hil edo bizi egon zen hilabete luzez, Pakistanen ospitaleratuta, urriaren 15ean, Ingalaterrako Birmingham hiriko Queen Elizabeth ospitalera lekualdatu zuten arte. Bertan,  tratamendua jarraitzeko aukera izan zuen, eta urriaren 17an atera zen koma egoeratik.

Gertaera horren ondorioz, Malalak mundu mailako egundoko elkartasuna, babesa eta aitortza jaso zituen, eta baita Nobel saria ere bai. Gaur egun, Malala Fundazioaren kudeatzailea da, non nesken eta emakumezkoen lidergoa eta hezkuntzarako eskubidearen alde lan egiten duen.

Bada, aktibista gaztearen bizitza eta lana ezagutzeko parada eskainiko du erakusketak. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia eta Aieteko Kultur Etxeak ekoitzi dute eta, bertan,  Asier Iturralde ilustratzaile donostiarrak, bere marrazkien bitartez, 2012an jasandako erasotik Erresuma Batuan bizi den pakistandar aktibistaren bizitzako pasarteak azalduko ditu.

Erakusketa osatzeko, ilustrazioekin egin den booktrailer-a sortu dute ere, eta zinema jaialdia ospatuko den egunetan egingo diren beste hainbat jarduera osagarri programatuko dituzte ere:

➢Apirilaren 26. Davis Guggenheim zuzendariaren Él me llamó Malala (2015) pelikula proiektatuko da.

➢Apirilak 27. Malalaren arkatz magikoa tailerra, 5-11 urte bitarteko haurrentzat. 17:30-18:30, Aieteko Haurtxokoan. Izen-ematerik gabe (Sarrera librea, edukiera bete arte).

➢Apirilak 29. Malala ikasle ausarta tailerra,  Aitziber Alonso ilustratzailearen eskutik,  5-11 urte bitarteko haurrentzat. 17:00-18:30, Aieteko Haurtxokoan. Izen-ematea: ekitaldia baino 10 egun lehenagotik: haurtxokoa_aiete@donostia.eus bidez.