Apirilaren 20an, 2023ko Udaberriko Sormene jaialdiaren aurkezpen ofizialaren baitan erakutsiko dute Xabi Ealo kazetariak eta Aitzol Zamalloa argazkilari eta dantzariak sortutako dokumentala. Zizpa gazte konpartsaren 25 urteotako bilakaera du ardatz ikus-entzunezkoak.

Iratxoa behar genuen dokumentala-zinea

2022an bete zuen Galdakaoko Zizpa gazte konpartsak mende laurdena, eta ospatzeko asmoz festa berezia antolatu zuten herrian, urrian. Belaunaldi ugari ezagutu ditu Zizpak, eta urtez urte lekukoa gaztez gazte pasatuz biziraun dute. “Borrokaz eta konpromisoz, baita jai giroz betetako hogeita bost urte” izan direla nabarmendu izan dute partaideek sarri, eta orain, ikus-entzunezko proiektu batek goratuko du konpartsaren bilakaera.

Bada, Xabi Ealo kazetariak eta Aitzol Zamalloa argazkilari eta dantzariak sortutako Iratxoa behar genuen dokumentala bihar, apirilaren 20an, erakutsiko dute, Torrezabal kultur etxean. Saioari 19:00etan ekingo diote, eta zuzendariak bertan izango dira. Sormene jaialdiaren aurkezpenaren baitan ikusiko du argia filmak, izan ere, laugarren edizioaren xehetasunen berri emango dute hitzorduan. 2020. urtean jaio zen ekimena, Covid19aren pandemiak gizartea kolpatu berritan, eta euskal kulturari beste plaza bat zabaltzea izan zuen helburu.

Apirilaren 27tik 30era bitartean gauzatuko dute euskarazko kultur adierazpenak aintzat hartzen dituen egitasmoaren aurtengo ekitaldia, hala, literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, dantza, arte plastikoak, eta noski, ikus-entzunezkoak izango dira ardatz. Horietan, amatasunak eta zaintzak berebiziko garrantzia izango du, izan ere, Gotzon Barandiaran jaialdiko zuzendari artistikoak BERRIA egunkariari adierazi bezala, “transmisioari, sorkuntzari eta amatasunari erabat lotuta dago zaintza”.

Galdakaoko Torrezabal kultur etxea izango du plaza nagusia, baina streaming bitartez, jarduerak munduko edozein tokitatik zuzenean ikusteko eta gozatzeko aukera ere eskainiko dute.

Ezagutu Sormene jaialdiaren egitaraua, jarraian.