62. Semaine de la Critique sailean erakutsiko du zinemagileak Contadores film laburra, Kimuak 2022 hautaketaren parte den proiektua. 76. Cannesko  Zinema Jaialdiaren baitan ospatuko duten frantziar zinemaldiko sail paraleloan lehiatuko da, maiatzaren 17tik 25era.

Contadores-Cannes-zinea

Bigarren urtez jarraian, euskal zinemagintzak ordezkaritza izango du Cannesko Zinema Jaialdiko Semaine de la Critique sail paraleloan. Iaz, Cuerdas film laburrak parte hartu zuen bertan, eta Urrezko Erraila (Le Rails d’or) saria besopean itzuli zen Estibaliz Urresola zinemagile arabarra Euskal Herria. Aurten, 62. edizioa beteko du kritikarien asteak, eta efemeridea errepikatzeko aukera izango du Irati Gorostidik. Iraupen laburreko nazioarteko beste bederatzi proiektuekin batera, Prix Découverte Leitz Ciné saria irabazteko hautagaia izango da Contadores lana.

62. Semaine de la Critique sail paraleloa maiatzaren 17tik 25era bitartean egingo dute, eta epaimahaiburua Audrey Diwan zinemagile frantziarra izango da. Rui Poças argazki-zuzendari portugaldarra, Franz Rogowski aktore alemaniarra, Meenakshi Shedde kazetari indiarra, eta Kim Yutani programatzaile estatubatuarra izango ditu aldamenean.

Fabrika, langileak, lan-hitzarmena

Hausnarketa, eta erabaki-hartze kolektibo eta parte hartzailea dira Contadores film laburraren bihotza: Militante libertario talde batek 1978ko gau bat panfleto bat inprimatzen igarotzen du. Gipuzkoako metalaren hitzarmena laster berrituko denez, borrokarekin jarraitzeko beharra defendatu dute. Transkribatzen eta inprimatzen duten bitartean, harreman pertsonalei buruz hausnartzen dute eta komunitateko bizitzari buruz espekulatzen dute. Hurrengo egunean, lantegiaren sarrerako atondoan, asanbladan biltzen dira lankideekin, lan-baldintza hobeen alde borrokatzera animatzeko. Baina langile-mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari da, eta horrek behin izan zuten boterea kendu die, beren proiektu politiko erradikala garrantzirik ezera baztertuz.

Santiago Fernández de Mosteyrin, Jaume Ferrete, Claugia Pages, Iskandar Rementeria, Maite Ronse, Natalia Suarez eta Marina Suarezek osatzen dute aktore-taldea; Apellaniz y De Sosa, Tractora eta Pirenaika ekoiztetxeen proiektua da.

KIMUAK 2022 hautaketaren parte da Contadores lana. Jarraian duzue, 70. Donsotia Zinemaldiaren baitan egindako saio bereziaren kronika irakurgai.