Errenteriako Ozzinema Zineklubak Ander Iriarteren Karpeta Urdinak (2022) dokumentala pantailaratuko du Niessen Kulturuneko zinema aretoan. Sortzaile oiartzuarrak aurkeztuko du saioa.

Ozzinema karpeta urdinak-zinea

Ander Iriartek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du.

Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz. Filmaren kritika irakurri hemen.

Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko ZINEMIRA atalek bere gain hartutako filmetako bat izan zen Ander Iriarte oiartzuarraren dokumentala. Bizkor saldu ziren emanaldi guztietarako sarrerak, eta filmaz gozatzeko gogoz gelditu ziren herritar asko. 2022ko urrian, Gasteizen ospatutako Euskal Zinema Dokumentalaren 8. Astean programatu zuten filma, areto-bete orduan ere.

Amsterdamgo IDFAn zein Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiko Documentaire Impact atalean lehiatu da, baita Censurados Film Festival (CFF) – Peruko Giza Eskubideen Zinemaldian ere. Azken honetan, ekitaldiko sari nagusia eskuratu du. 2023ko Ikus-entzunezko Argia Saria eman diote ere Karpeta Urdinak lanari, eta aurki Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian erakutsiko dute, lehiaz kanpo.

Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko abaroan Iriarterekin elkartu ginen, eta filmari eta torturaren fenomenoari buruzko hainbat gogoeta eskaini zizkigun.

19:30ean hasiko dute emanaldia, eta sarrerak kulturuneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta online eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.