Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak antolatutako ekimenean Venid a las cloacas. La historia de La Banda Trapera del Río (Daniel Arasanz, 2010) dokumentala eskainiko dute gaur. Hilaren 25ean, aldiz, Rock Punk Vegan Movie (Moby, 2023) egongo da ikusgai, elkartearen egoitzan.

Doku-mental 2023-apirila

Martxan jarri zutenetik, 20tik gora dokumental proiektatu ditu Orbain Kultur Elkarteak Doku-Mental zikloaren baitan, ondorengo solasaldi, eztabaida eta gogoetekin. Askotariko gaiak landu dira, non punk musikak eta bere ingurukoek protagonismorik handiena izan duten, baina beste gai batzuek pertsona ezberdinak erakarri dituzte, besteak beste, lan-mundua, Sahara, armadak, turismoa, Palestina, Joe Strummer, LGTBIQ+ mugimendua, Sid Vicious, errepresioa, Okupa mugimendua, emakumeek osatutako Punk eta Hardcore bandak, La Polla Records, Drogak, Punka Madrilen, Punka Norvegian, Shane MacWowan, drogak, etab.

Joan den urteko jardueraren ebaluazioa positiboa izan zen, eta elkartean jasotako iruzkinen ondorioz, Doku-Mental jarduerari berriz ekin zioten 2023ko urtarrilean, Orbain herritarren ideia eta parte-hartze orori irekitako gune bihur dadin, hausnarketarako, salaketa sozialerako eta kritika eraikitzailerako gune bat sortzeko.

Bada, apirilean jarraipena izango du zikloak, eta bi film pantailaratuko dituzte, ohi bezala, 19:00etan.

Gaur bertan, frankismo garaiaren osteko punk talde kataluniar kementsuari eskainitako saioa egingo dute: La Banda Trapera del Río ezagutzeko aukera egongo da Venid a las cloacas. La historia de La Banda Trapera del Río dokumentalaren bidez.

Cornellà de Llobregaten jaio zen taldea 70eko hamarkadan, eta kideak autosuntsitzaileak eta harroak izan zituen, oinak porrotaren, tragediaren, hondamendiaren, baita heriotzaren leiho-ertzean zituztenak. Horien guztien ibilbidean murgildu da Daniel Arasanz zuzendari bartzelonarra, 90eko hamarkada arte iraun zuena, Morfi Grei, El Tío Modes eta gainerakoen balentrietan, egindako argazki-saioetan, inoiz argitaratu gabeko grabazioetan, elkarrizketetan…

Apirilaren 25ean, bestalde, Punk Rock Vegan Movie dokumentalaren baitan hainbat musikariren ahotsak entzungo ditugu: Ian MacKaye (Fugazi, The Evens, Coriky), HR (Bad Brains), Captain Sensible (The Damned), Dave Navarro (Jane’s Addiction, Red Hot Chili Peppers), Rob Zombie, Walter Schreifels (Rival Schools, Gorilla Biscuits), Doyle Wolfgang von Frankenstein (Misfits), Steve Ignorant (Crass) eta Davey Havok (AFI), besteak beste.

Punk rockaren historiari eta animalien eskubideen aldeko aktibismoari buruzko ikus-entzunezkoa da Punk Rock Vegan Movie, Moby musikari eta zinemagileak zuzendutakoa. Filma ikusi ostean, Orbain Kultur Elkartera gerturatuko dira, ikus-entzuleekin hitz egitera, Andoni Ramos Etxezarreta barazkijalea, eta Ainara Martínez Revilla psikologoa eta Gestalt terapeuta.