Zortzi film luzek eta hamar film laburrek parte hartuko dute bi lehiaketa nagusietan, tartean, Esna Kanta (Arrigurri), Bide bazterrean Hi eta ni Kantari (Peru Galbete) eta PVC eta Aluminiozko Zatitxoak (Jon Martija) euskal ekoizpenek. Nazioarteko musika dokumental onenak erakusteaz gain -besteak beste, Verde Prato (Sahatsa Jauregi)- ohi bezala, jarduera paraleloek ere osatuko dute maiatzaren 1etik 6ra bitarteko egitaraua.

Dock of the bay 2023-zinea

Udaberri bete-betean ospatuko da aurten Dock Of The Bay – Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren hamaseigarren edizioa, eta arduradunek ia astebetez luzatuko den zinema eskaintzaren berri eman dute gaur. Eva Rivera jaialdiaren zuzendariak nabarmendu du, “kalitatez zinema independente baten aldeko apustua egiten” jarraituko dutela: “Inklusioarekin eta aniztasunarekin konprometituta gaude, hausnarketarako espazioak ireki eta mundura hurbiltzearekin. Gainera, gure ingurunearekiko errespetuzko jaialdia egiten saiatuko gara, mantsoa eta hurbilekoa. Alderdi humanoa izango duen jaialdia, non pertsonak izango diren ekitaldi guztien neurria”.

Trueba aretoan egindako agerraldian Patxi Presa, Koldo Mitxelena kulturunearen zuzendaria; Josemi Beltrán, Donostia Kultura Zinema arduraduna; eta Lur Olaizola, Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen koordinatzailea ere izan dira, eta zehaztu dutenez, hamaseigarren edizio honetan 25 dokumental proiektatuko dituzte guztira, eta nazioarteko epaimahaikideak arduratuko dira horiek ikusi eta baloratzeaz.

Sail ofiziala zortzi film luzek osatuko dute, eta maiatzaren 1ean bertan erakutsiko dute lehena. Randy Martin zuzendariaren Karen Carpenter filmak abiatuko du hitzordua, eta hurrengo egunean Alter (Joaquín González Vaillant) emango dute. Asteazkenetik aurrera, bina film proposatuko dituzte egunero: Lee Fields: Faithful Man (Jessamyn Ansary eta Joyce Mishaan) eta Before We Move (Aleksandr M. Vinogradov); Rock Chicks. I am not female to you (Marita Stocker) eta La importancia de llamarse Ernesto y la gilipollez de llamarse Eric (César Martínez Herrad); Tener tiempo (Mario Alejandro Arias, Gabriela Alonso Martinez eta Nicolás Martín Ruiz) eta Ghost of the Chelsea Hotel and other Rock&Roll Stories (Danny Garcia).

Film laburrei dagokienez, 10 lan egongo dira lehian, eta horietako sei saio bateratu batean erakutsiko dituzte, maiatzaren 2an, 19:15ean, Trueban. Tartean dira hiru euskal ekoizpen: Eñaut Elorrieta abeslariaren Fantasia diskoaren sorkuntza-prozesuari buruzko Esna Kanta (Arrigurri); Joxean Artxeri egindako omenaldia den Bide bazterrean Hi eta ni Kantari (Peru Galbete); eta Jon Martija kazetariaren lehen proiektua, PVC eta Aluminiozko Zatitxoak, txisteei, tabakoari, ahanzturei, soinu-probei, adiskidetasunari, futbolari eta musikari buruzko road moviea.

Nazioarteko musika dokumental onenen aukeraketa eskaintzen duen Perfect Day atalean, berriz, sei film egongo dira ikusgai: Un día Lobo López (Alejandro G. Salgado), The Elephant 6 Recording Co. (C.B. Stockfleth), Music for Black Pigeons (Jorgen Leth eta Andreas Koefoed), Verde Prato (Sahatsa Jauregi), A Film About Studio Electrophonique (James Taylor) eta The Zombies. Hung Up on a Dream (Robert Scwartzman.)

Jarduera paraleloak

Trueba zinema-aretoaz gain, hiriko hainbat txoko ere izango dira festibaleko egoitza, eta horietan jarduera paraleloak gauzatuko dituzte. Hala nola, Dabadaban (karaoke-gaua), Altxerrin (irekiera eta itxiera festak), Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean (irratsaioak eta Docks&Talks atala), Koldo Mitxelena Kulturunean (Elkarrizketak saioak) edota Gastronomiaren Euskal Kofradian (Gastro Soul Party emanaldia).

Dock Live! programa ere iragarri du jaialdiak. Diziplina arteko espazio bat da, musikaren, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen inguruan lan egiten duten hizkuntzen eta artisten arteko bidegurutze izan nahi duena.  Kutxa Fundazioarekiko lankidetzari esker, Espanto eta Magia Bruta taldeen emanaldiak eskainiko dira, maiatzaren 3an, asteazkena, eta maiatzaren 4an, osteguna, hurrenez hurren, 21:00etan. Kutxa Kultur Klubean izango dira kontzertu biak.

Halaber, Kontatutako Zinema zikloaren saio bat izango da Tabakalerako zinema-aretoan, 19:00etan, non Marina Lameiro zinema-zuzendariak haren sorkuntza zinematografikoko prozesuak partekatuko dituen.

Amaitzeko, Publiko Berriak sailaren barruan, Javier Poloren Europa en 8 bits film luzea ere aurkeztu du jaialdiak. Ostiralean, maiatzak 5, eskainiko da film hori Tabakalerako Zinema-aretoan, gazteak zinemara erakartzeko eta musika dokumentalera hurbiltzeko helburuarekin.