Apirilaren 15ean ezagutarazi dituzte IBICINE Eivissako Festibalaren 6. edizioko Astarté sarien hartzaileak, eta hautagaitzak zituzten bi euskal ekoizpenak onuradun izan dira. Festibala apirilaren 23ra bitartean luzatuko da.
IBICINE Eivissako Festibalak 2023ko Astarté sariak jasotzeko hautagaiak argitu zituen iragan otsailean, eta tartean, euskal parte hartzea duten hainbat film labur izan ziren zerrendan. IACIk (Eivissako Zinema Elkartea) antolatutako ekimenak zinema eta kultura uhartera gerturatzea du helburu, eta espainiar lurraldeko sortzaile berriengan fokua jarriz, industriako profesionalen artean harremanak sustatu nahi ditu.
Bada, uhartean bertan ezaguna den Astarte jainkosaren omenez, sariketa bereziaren 6. edizioa antolatu dute asteburuan, eta euskal parte hartzea izan duten bi proiektuek lau sari eskuratu dituzte guztira. Beatriz de Silva zinemagileak zuzendutako, eta Extrapictures ekoiztetxe arabarrak ekoiztutako Tula lana fikziozko film labur onena izendatu dute. Gidoi onenaren (De Silva), zuzendaritza artistiko onenaren (Eider Ruiz) eta muntaketa onenaren (Maialen Sarasua) kategorian ere izan da hautagaia.
Bestalde, Uniko ekoiztetxe bilbotarrak sustatu eta Pablo Poleldrik zuzendutako LOOP animazioak lau sari eskura zitzakeen, eta hiru bereganatzea lortu ditu: soinu diseinu eta soinu banda onenak (Joseba Beristain), eta muntaketa onena (Arkaitz del Rio, Mari Carmen Cambrills eta Polledri). Gainera, Alba Lozano zinemagile bizkaitarrak Non Grata filmerako idatzitako gidoia ere aitortu dute.
Epaimahaia zinema industriako arlo ezberdinetako profesionalek osatu dute, besteak beste, akademikoek, zinemagileek edota zinema kritikariek. Astarté sariak banatu badituzte ere, filmen emanaldiak apirilaren 23ra bitartean egingo dituzte.