2023ko apirilaren 17tik 22ra egingo dute ICOFF – Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Festibalaren 2. edizioa, eta sail ofizialeko filmen emanaldiez gain, bestelako topaketa eta aurkezpenak ere egingo dituzte.
Sonia Pacios eta Kepa Sojo zinemagileen eskutik, eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, 2022ko apirilean ospatu zuten Gasteizen ICOFF Jaialdiaren lehen edizioa. Tamaina txikiko zinema eta lurraldekotasuna oinarri, hiru ardatz izango zituela iragarri zuten orduan: nazioartekotasuna, film laburren egileen protagonismoa eta, filmaketak erakartzeko, Arabako hiria eta lurraldea sustatzea.
Bada, tokiko nazioarteko jaialdi bakarra den ezkero, mundu osoko film labur onenak eskaini nahi dizkiete gasteiztarrei eta arabarrei, Estatuko eta Euskal Herriko eta Arabako filmak alde batera utzi gabe. Gainera, lehiaketara beren lanak aurkeztera joaten diren zinemagileei ahotsa eman eta, horrekin batera, lurraldeko leku enblematiko eta bereziak sustatzea da helburua, filmaketa berriak erakarri asmoz.
Dagoeneko, ICOFF – Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Festibalaren 2. edizioan parte hartuko duten sail ofizialeko eta eusko-araba ataleko lanen berri eman dute, eta orain, jarduera paraleloak ere ezagutarazi dituzte. Adierazi dutenez, “jende guztiarentzako eta hiriko irakaskuntza ertain eta unibertsitarioetako ikasleentzako jarduerak” izango dira.
Apirilaren 19an, 11:00etan, Ivan Miñambres ekoizlearekin (Uniko) topaketa egingo da Montehermosoko Betolaza aretoan. Animaziozko filmen ekoizpen prozesua izango du hizpide, Unicorn Wars (2022) lan saritua oinarri hartuz. Hurrengo egunerako, ordu eta toki berean, hitzordu bikoitza prestatu dute. Batetik, (H)emen plataforma aurkeztuko da, Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea, Izaskun Arandia plataformako presidentearen hitzaldiarekin. Bestetik, Euskadiko Filmategiak bultzatutako eta María Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatutako ‘Euskal emakume zinemagileak’ liburua aurkeztuko dute.
Hilaren 21ean, aldiz, Manu Gómez zinemagile eta gidoilariarekin topaketa atondu dute, Betolaza aretoan, 11:00etan. Miñambres bezala, ICOFF-GASTEIZ 2023ko epaimahai ofizialeko kidea da, eta sormen-prozesuaz eta zineman eta telebistan duen esperientziaz arituko da hizketan.