Sortzaile beterano karrantzarrak Michel Gaztambiderekin batera idatzi du Cerrar los ojos bere laugarren film luzearen gidoia, eta Jose Coronado, Ana Torrent, María León zein Petra Martínez ditu aktore. Cannes Premiere sailean erakutsiko dute, jaialdi frantziarreko 76. edizioaren baitan.

Victor Erice-zinea

El espíritu de la colmena (1973), eta El sur (1983) lanek eman zioten nazioartean ospea Victor Ericeri, europar zinemagintzako zinemagile garrantzitsuenen artean kokatzeraino. El sol del membrillo (1992) sortu zuen gero, eta ordutik bestelako proiektuetan murgilduta egon bada ere, bere laugarren film luzerik ez dugu ezagutu. Bada, 30 urte luze pasa dira, eta gaur baieztatu dute Cannesko Zinema Jaialdiko 76. edizioan ikusiko duela argia Cerrar los ojos lanak. Maiatzaren 16tik 27ra bitartean egingo dute, eta zinemagile karrantzarrak Cannes Premiere saila izango du agertoki.

Proiektuaren arduradunek sekretupean mantendu izan dute Ericeren jarduna, baina 2022ko uztailean Canal Sur Andaluziako irrati-telebistak fikziozko, animaziozko eta lan-dokumentalak babesteko diru-laguntzen onuradunen berri ematean zabaldu zen bolo-bolo itzuleraren albistea. Tandem Films, Pecado Films eta Ericeren Nautilus ekoiztetxeek ondu dute proiektua. Karrantzarrak Michel Gaztambiderekin batera idatzi du gidoia, eta Jose Coronado, Ana Torrent, María León zein Petra Martínez ditu aktore. 2012an ekingo lioke istorioak, telebista programa bat zinema zuzendari beterano batekin harremanetan jarriko denean. Bukatu gabe utzi zuen bere bigarren film luzea hizketagai dutela, sortzaileari iraganeko oroitzapenek emozio-andana azaleraziko dizkiote, eta bertan aktore izan zuen lagunarekin berriz elkartzeko nahia piztuko zaio.

Gaur arte, hiru film luze soilik zuzendu baditu ere, Ericek ez du bere sorkuntza eten. Abbas Kiarostami zinemagile irandarrarekin Ten Minutes Older korrespondentzia ezagunean parte hartu zuen 2002an – Alumbramiento-, Theo Angelopoulosekin, aldiz, Pier Pasolini gogoratu zuen –Un lugar en el cine (2007)-, hainbat film kolektibotan ere ikusi dugu bere izena –La morte rouge (2006) edota Vidrios partidos (2012)-, eta berriki, Jorge Oteizari eskainitako bideo-instalazioa eraiki du Bilboko Arte Ederren Museoan, BBVA Fundazioaren laguntzaz: Harria eta zerua. Jorge Oteiza, oroipen bat (2021).

ZINEAn Ericeren ibilbideari errepasoa eman berri diogu Filmografiak atalean.

Beteranoak sail ofizialean

Indartsu bezain zahar dator 2023ko Cannesko Zinemaldia. Maïwennek zuzendutako Jeanne du Barry lanak irekiko du ekitaldia, baina lehiaz kanpo erakutsiko dute, besteak beste, Martin Scorseseren Killers of the Flower Moon lana edota Pedro Almodovarren Extraña forma de vida westerna bezala.

Harritzekorik gutxi eman du hautaketaren zerrendak, izan ere, jada ezagun diren sortzaileek enegarrenez parte hartuko dute jaialdi frantziarrean. Esaterako, sail ofizialean Aki Kaurismaki (Fallen Leaves), Nanni Moretti (Il sol dell’avvenire), Marco Bellocchio (Rapito), Todd Haynes (May December), Ken Loach (The Old Oak), edota Wim Wenders (Perfect Days) beteranoak lehiatuko dira Urrezko Palma eskuratu nahian. Baina baita, Wes Anderson (Asteroid), Alice Rohrwacher (La chimiera), Jonathan Glazer (The Zone of Interest) edota Wang Bing (Jeunesse) zinemagile garaikideak ere. Beren lehen filmak zuzendu dituzten errealizadoreek Un certain regard saila izango dute babestoki.