Urtarrilaz geroztik 18 geldialdi egin ditu 2023ko Mendi Tour zirkuitu ibiltariak, 8.500 ikusle batuz. Lehen hiruhilekoa pasata, emanaldi andana dituzte apirilerako eta maiatzerako programatuta.

Mendi Tour 2023-udaberria-zinea

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte.

Abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatu zuten 2022ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia, hamabosgarrena, eta ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratu dituzten filmak jarri zituzten lehian.  Bada, urtero legez, behin festibala bukatuta, Mendi Filmen ikusgai izan diren lan onenak herriz herri erakutsiko dituzte urte osoan zehar. 2023ko Mendi Tour ziklo ibiltaria abian da urtarrilaz geroztik, eta dagoeneko 18 geldialdi egin ditu, 8.500 ikusle batuz.

Lehen hiruhilekoa pasata, emanaldi andana dituzte apirilerako eta maiatzerako programatuta:

  • HONDARRIBIA – Itsas Etxea auditorium | apirilak 14-15
  • ZALDIBAR – Liburutegi zaharra | apirilak 3 eta 17
  • VALLADOLID – Cines Broadway | apirilak 17-18-19
  • BILBO – BASURTO – La Perrera | apirilak 20
  • OÑATI – Zinema aretoa | apirilak 21
  • KANPEZU – Kultur Etxea | apirilak 21
  • CAMARGO – La Vidriera | apirilak 26-27
  • ARRASATE – Amaia antzokia | maiatzak 9
  • ZARAUTZ – Modelo aretoa | maiatzak 18 eta 25
  • BERRIOBEITI – Artikako Kultur Etxea | maiatzak 19
  • LAUDIO – Casino | maiatzak 19
  • AZPEITIA – Soreasu | maiatzak 23
  • BURGOS – Museo de la Evolución Humana & Vangolem Arlanzón | maiatzak 23-24-25

Informazio gehiago, eta hitzordu bakoitzaren kartela, jarraian.