Apirilean hasi, eta ekainera bitartean, Lyongo Lumière Institutuak zaharberritutako zinemaren historiako 10 film egongo dira ikusgai Donostiako Tabakaleran, Bilboko EHU Bizkaia Aretoan, Gasteizko Artium Museoan, Iruñeko Golem zinema aretoan eta Donibane Lohitzuneko Le Select zinegelan. Thierry Frémaux Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendariak Im Lauf der Zeit (Wim Wenders, 1975) lana aurkeztuko du, eta Joserra Senperena musikariak pianoa joko du hainbat saiotan.

Lumiere Emenaladiak II-zinea

Euskadiko Filmategiak, Lyongo Lumière Institutuarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, bigarrenez antolatuko du Lumière Emanaldiak zikloa. Apirilean hasi, eta ekainera bitartean, zinemaren historiako 10 harribitxi -klasikoak eta aurkikuntza berriak- pantailaratuko dituzte filmategiko egoitzetan. Besteak beste, C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keatonen lanak egongo dira ikusgai, baina baita Kinuyo Tanaka, Gilles Grangier eta André Cayatterenak ere.

Lumière Institutuaren zaharberritze, kontserbazio eta hedapen-lana ezagutaraztea da zikloaren helburua, hala, Donostiako Tabakaleran, Bilboko EHU Bizkaia Aretoan (Arte Ederren Museoa itxita dago berritze-lanak direla-eta), Gasteizko Artium Museoan, Iruñeko Golem zinema aretoan eta Donibane Lohitzuneko Le Select zinegelan egingo dituzte emanaldiak, Euskal Herriko zinemazaleek aukerarik gal ez dezaten.

Dans la nuit (Charles Vanel, 1929) filmak abiatuko du zikloa, eta Maelle Arnaud Lumière Institutuko programatzaileak aurkeztuko du saioa, Donostian. Ez da ordea gonbidatu bakarra izango, izan ere, Joserra Senperena musikaria ere bertan izango da, film mutuaren soinu banda zuzenean interpretatuko baitu pianoan; apirilaren 22an Bilbon egingo den saioan errepikatuko du jarduna. Ostera, Bolognako Filmategiak zaharberritutako Three Ages (Buster Keaton eta Eddie Cline, 1924) filmaren emanaldian joko du Senperenak pianoa, Tabakaleran; Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, aldiz, Josetxo Fernández de Ortegak lagunduko du proiekzioa.

Aipatutako lanez gain, Chibusa yo eiennare (Kinuyo Tanaka, 1955), ekoizpen japoniarra, Ordet (Carl Theodor Dreyer, 1955) danimarkarra, eta Gas-oil (Gilles Grangier, 1955), Justice est faite (André Cayatte, 1950) eta Mes petites amoureuses, (Jean Eustache, 1974) frantziarrak berreskuratu dituzte.

Programa osatzeko, zinemagintza garaikidearen funtsezko hiru egilek zuzendutako lanak proposatuko dituzte: Apocalypse Now. Final Cut (Francis Ford Coppola, 1979-2019), Raging Bull (Martin Scorsese, 1980) eta Im Lauf der Zeit (Wim Wenders, 1975). Azken hau, Thierry Frémaux Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendariak aurkeztuko du, Donostian.

Saioetara bertaratzeko sarrerak online eskuratu daitezke, Euskadiko Filmategiaren webgunean; edita egoitza bakoitzaren leihatilan. Bilbon, aldiz, Arte Ederren Museoan erosi beharko dira (nahiz eta emanaldiak Bizkaia Aretoan izan).

Ezagutu egitaraua, jarraian.