Ikusmira Berriak programako egoiliarrei eskainitako saioa egingo dute datorren larunbatean, apirilaren 8an, Donostiako Tabakaleran – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Zinemaldia + Plus egitasmoaren baitako emanaldia izango da, eta egoiliarrek beren aurreko lanak aurkeztuko dituzte.
Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa zinemagileak Donostiako Tabakalera- Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Artisten Gunean daude martxoaren 6tik, Ikusmira Berriak programaren barruan egiten ari diren egonaldian.
Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioa, Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta EQZE Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatzen dute, Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. Aliantza naturala da, egonaldian parte hartzen duten erakunde guztiek hiru bultzada estrategiko hauetan parte hartzen baidute: zinemari buruzko prestakuntza ematea eta ezagutzak transmititzea; talentu berriak bilatzea, horiei lagun egitea eta horiek garatzea; eta zinemagintzaren gainean ikertzea eta hausnartzea, hurbilketa teoriko-akademikoa eta profesionala baliatuz.
Ikuspegi estrategiko komun horretatik sortzen eta elikatzen da Ikusmira Berriak proiektua. Zortzi asteko egonaldia aurreikusten du, bi fasetan banatuta; halaber, zazpi hilabeteko laguntza-programa jasotzen du –martxotik irailera bitartean–. Lehenbiziko fasean, egoiliarrek sei astez garatzen dituzte beren proiektuak (martxotik eta apirilera), eta adituen batzordeko kideen aholkularitza jasotzen dute. Kideok tutoretza-lanak egiten dituzte proiektuotan, eta, horretaz gainera, garapen-prozesuaren faseak premien arabera lantzen dituzte. Irailean, Donostia Zinemaldiarekin batera, itzuli egiten dira egonaldiaren azken bi asteak betetzeko.
Denbora horretan, egoiliarren egitasmoetan parte hartu nahi duten profesionalekin lankidetzan aritzeko aukerak lantzen eta sustatzen dira. Egonaldiko bi faseen artean, tutoreek eta erakundeek aholkularitza eta laguntza ematen diete proiektuen garapenari eta hauek 5.000€ko diru laguntza jasotzen dute.
Zinemaldia +Plus
Esparru horretan, apirilaren 8an, Ikusmira Berriaki eskainitako Zinemaldia + Plusen ohiko saioa egingo da, eta egoiliarrek beren aurreko lan bat erakutsi ahalko dute:
Sameh Alaa zinemagile egiptoarra bere lehen film luzea prestatzen ari da Donostian, eta Cannesko zinema-jaialdian Urrezko Palma irabazi zuen film laburra aurkeztuko du: I Am Afraid to Forget Your Face (2020).
Argentinako María Alchék Horizontes saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian Familia sumergida bere lehen lanarekin, eta Noelia (2012) bere lehen film laburra aurkeztuko du.
Madrilen bizi den Hikaru Uwagawa errealizadore japoniarrak Ulysses: Telemachus and Penelope (2022) proiektatuko du, egonaldian lantzen ari den Ulysses film luzearen parte den film laburra.
Naomi Pacifique zuzendari suitzar-holandarrak After a room (2021) aurkeztuko du. Film hori Nest sailean lehiatu zen, Locarnon Zilarrezko Lehoinabarra irabazi zuen eta bere After the night, the night film luzearen abiapuntua ere bada.
David Perez Sañudo euskal zuzendariak –Ane (2020) estreinaldiko lana New Directors sailean lehiatu zen– Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen eta egokitutako egokitu onenaren Goya saria ere bai–, eta Marina Parések idatzi duen La colcha y la madre (2021) film laburra aurkeztuko du.
Azkenik, Maddi Barber errealizadore nafarrak 592 metroz goiti (2018) pieza aurkeztuko du; Zabaltegi-Tabakalera sailean hautatuetako bat.
Ikusi saioaren inguruko xehetasun gehiago eta sarreren salmenta, hemen.