Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiak hamaseigarren edizioko irrati-programazioa aurkeztu du. Gainera, hiriko Altxerri eta Dabadaba aretoekin lankidetza-akordioa sinatu dute antolatzaileek.
Maiatzaren 1etik 6ra bitartean ospatuko da Dock of the Bay Zinema Jaialdiaren hamaseigarren edizioa eta, aurten ere, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba irrati-estudio bilakatuko da. Deustu Irratiarekin kolaborazioak jarraipena izango du, hala, Publiko Berriak sailaren baitan, asteartean (maiatzak 2), gazteei zuzendutako Plano secuencia irratsaioa eskainiko dute zuzenean, 17:30etik 18:30era.
Hilaren 5ean, Asier Leozek eta Juan Luis Etxeberriak Magia Bruta taldeko Isabel Fernandez elkarrizketatuko dute El disco de tu vida saioan. 17:30etik 18:30era bitartean izango da, eta The Beach Boys taldearen Smile diskoa izango dute bidelagun. Hurrengo egunean, 13:00etan, Docks&Talks zuzeneko podcasta gidatuko dute Ines Calerok eta Laura Garciak. Sorkuntza dokumental garaikidea eta zinema independentea izango dute hizketagai.
Lankidetzak sendotuz
Bestalde, Donostiako Altxerri eta Dabadaba aretoekin lankidetza adostu du Dock of the Bayk, eta ondorioz, hainbat saio hartuko dituzte egoitzok. Maiatzaren 1ean, jaialdiko irekiera-jaia ospatuko dute Altxerrin. 21:30ean hasita, DJ Alfredo Ignacio eta DJ P3z disko-jartzaileak ariko dira lanean. Hilaren 4an, aldiz, 23:00etan, karaoke-gaua antolatuko dute Dabadaban. Hurrengo egunean, DJ Li eta DJ Gautxos ariko dira, beste behin, Altxerrin Rocksteadya, Italiako 60ko hamarraldiko musika eta Soula, Rock flamenkoa eta Frantziako 80ko hamarraldiko doinurik finenak uztartuz.
Maiatzaren 5ean bertan, Gastronomiaren Euskal Kofradian, Gastro Soul Partyren emanaldia atondu dute 21:00etarako, Dave Mack, Gautxos, Roberto Tortuga eta Ritxi Skataliteren parte hartzearekin, eta biharamunean, 00:30etik aurrera, DJ Uncle Mikek girotuko du jaialdiko itxiera-festa, Altxerrin.