Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdia martxoaren 23tik apirilaren 2ra bitartean ospatu dute, eta euskal ekoizpenek kategoria ezberdinetan aitortzak jaso dituzte. Kowalski Filmsek ekoiztutako eta Telmo Irureta Goya saridun zumaiarra aktore duen La consagración de la primavera (Fernando Franco) obra izan garaile; film labur onena Estibaliz Urresolaren Cuerdas izendatu dute. Opera prima onena Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos ebatzi du epaimahaiak.

Nantes 2023-palmaresa-zinea

1990ean jaio zen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes zinema jaialdia, eta erreferentzia bihurtzea lortu du Europan. Espainiar lurraldean ekoiztutako lan onenak erakustea du helburu, eta 32. edizioa martxoaren 23tik apirilaren 2ra bitartean gauzatu dute. Bost sail lehiakor izan ditu, eta bertan, azken urteotan bezala, euskal proiektuek parte hartu dute. Bada, lehiaketa egunak bukatuta epaimahaikideek irabazleen berri eman dute.

Fikziozko film luzeei eskainitako atalean, 70. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu ziren Suro, Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren opera prima, eta Kowalski Filmsek ekoiztutako eta Telmo Irureta Goya saridun zumaiarra aktore duen La consagración de la primavera (Fernando Franco) obra izan dira. Eta hain zuzen ere, azken honek irabazi du 2023ko Nantesko zinema jaialdiko Film Onenaren Jules Verne Saria. Epaimahai gazteak Un año, una noche (Isaki Lacuesta) ekoizpena nabarmendu du, eta ikus-entzuleek, aldiz, En los márgenes (Juan Diego Botto).

Aldiz, film luze dokumentalen atalean, jaialdi donostiarretik arrakastatsu igaro zen A los libros y a las mujeres canto (Maria Elorza) proiektua izan da lehian, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Saileko garailea zendu berri den Carlos Saurak zuzendutako Las peredes hablan lana izendatu dute.

Premiers Film lehiaketan, bestalde, 2022ko Malagako zinemaldian Urrezko Biznaga irabazteaz gain, gidoi onena zein emakumezko aktore onenaren ‘ex aequo’ saria (Laia Costa eta Susi Sanchez) jaso zituen Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua) aurkeztu da, eta Nantesen ere harrera beroa izan du zinemagile barakaldarraren opera primak, gainerako filmei aurre hartuz. Film laburren atalean ere, euskal ekoizpen bat goratu du epaimahaiak: Cuerdas (Estibaliz Urresola).

Fenêtre Basque

Lehiaketa ofizialaz gain, Nantesko zinema jaialdiak urteak daramatza Euskal Herriko zinemagintzari leiho berezi bat eskaintzen. 2001ean sortu zuten Fenêtre Basque atala, eta ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, urteko film luze eta labur onenak zabaldu dituzte Europan zehar. 2023ko edizioan, sail ofizialeko ataletan lehiatu diren filmez gain, Ana Díezen A quien cierra los ojos, Imanol Uriberen Llegaron de noche, Jabi Elortegiren El vasco, Iratxe Fresnedaren Tetuán, eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza eta Black is Beltza II: Ainhoa erakutsi dituzte.

Film laburrei dagokienez, Kimuak 2022 aukeraketan hautatutako ekoizpen guztiak eman dituzte: aipatutako Cuerdas (Urresola) lanarekin batera, Fe (Maider Fernandez Iriarte), Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia), Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola), Irrits (Maider Oleaga) eta Lanbroa (Aitzol Saratxaga).

Aurten, gainera, Euskadiko Filmategiak bultzatuta, eta María Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatuta, hainbat belaunalditako euskal emakume zinemagileen jarduna errepasatzen duen Euskal emakume zinemagileak argitalpena aurkeztu dute Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiko Fenêtre Basque atalean.