Zinema atalean, hiriko jaialdi garrantsitsuenen aurkezpenak egingo dituzte, eta Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua) lan saritua proiektatuko dute hilaren 6an, 7an eta 8an, film labur banak lagunduta. Familia osoarentzako zinema saioak ere egingo dituzte goizetan.
Aste Santua ate-joka dugula, Bilboko Udalak 2023ko Bilbao Basque FEST ekimena aurkeztu du. Apirilaren 5etik 9ra bitartean gauzatuko dute euskal kulturaren festa handia, eta euskal zinemaren loraldiak berebiziko garrantzia izango du. Izan ere, “garapen eta aintzatespen handiko” garai honetako uzta berriena ekarriko dute BBK Aretoko pantaila handira.
Hiru Goya sari jaso dituen Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua) proiektatuko dute, apirilaren 6an, 7an eta 8an, 18:00etan, eta aurretik, film labur bana ere egongo da ikusgai: film labur dokumental onenaren Goya saria irabazi duen Maldita. A Love Song to Sarajevo (Amaia Remirez eta Raúl de la Fuente), Cannesko Zinemaldiko Kritikaren Astean aintzatespena lortu duen Cuerdas (Estibaliz Urresola) eta animaziozko film labur onenaren Goya saria irabazi duen Loop (Pablo Polledri), Uniko ekoiztetxe bilbotarraren proiektua dena.
Gainera, Bilboko jaialdi ezagunak ere aurkeztuko dituzte (FANT, Zinebi eta Zinegoak), eta goizetan, 12:00etan, familia osoarentzako zinema saioa egongo da: Hopper oilaskoerbia (Ben Stassen eta Benjamin Mousquet) filma proiektatuko dute euskaraz.
Jarraian duzue egitaraua:
- Osteguna, apirilaren 6a – 18:00etan:
Zinegoak jaialdiaren aurkezpena eta Maldita. A Love Song to Sarajevo film laburraren proiekzioa. Ostean, Cinco lobitos lanaren emanaldia.
- Ostirala, apirilaren 7a – 18:00etan:
FANT jaialdiaren aurkezpena eta Loop film laburraren proiekzioa. Ostean, Cinco lobitos lanaren emanaldia.
- Larunbata, apirilaren 8a – 18:00etan:
Zinebi jaialdiaren aurkezpena eta Cuerdas film laburraren proiekzioa. Ostean, Cinco lobitos lanaren emanaldia.
Aurretik, hilaren 6tik 8ra, 12:00etan, Hopper oilaskoerbia filma, euskaraz.
Euskal kulturaren festa
Bost egunetan “200 esperientzia errepikaezin baino gehiago” atonduko dituzte hirian aurten ere, Bilbao Basque FESTen baitan, eta iaz izandako harrera beroa (125.000 pertsonek hartu zuten parte) errepikatzea dute erronka, “tradizioa eta abangoardia bateratuz”, kultura eskaintza “proposatuz”.
Sei multzotan banatu dituzte hogeita hamabi bat agertokitan gauzatuko dituzten jarduerak, eta 230 artista baino gehiagok parte hartuko dute. Kultura, musika, kirola, gastronomia, azokak eta zinema.
Informazio osagarria, hemen.