Sail ofizialeko azken bi programak erakutsi dituzte gaur 17. Punto de Vista jaialdian, eta atzoko saioan gertatu bezala, hiru film izan ditugu ikusgai. Lehian izan diren 18 ekoizpenak aurkeztuta, epaimahaiaren esku dago orain erabakia.

Arkitektura, gizakia eta zinema lotu dituzte Juliette Achardek eta Ian Menoyotek Boulevards de la Senne film laburrean. Garai batean hiria zeharkatzen zuen ibaia lurperatu eta zementuzko pasabide bilakatu zuten etorbidearen memoriari eskainitako disertazioa sortu dute errealizadoreek. Denboraren joanak, baina batez ere, gizakion esku sartzeak utzitako arrasto eta ondorioak azalerazi dituzte, naturaren berezko ekosistema harmonikoa suntsitu eta gainean berreraikitzeko gaitasuna agerian utziz.

Garai bateko mapa kartografiko, argazki zahar, eta gaur egun autoz betako boulevard biziaren arteko kontrasteari indarra eman nahi diote Achardek eta Menoyotek, hain zuzen ere, kontrako planteamendua erabiliz. Irudiok lauak dira, estatikoak gehienbat, hutsak; eta bi zinemagileen off ahotsak soilik lortuko du eraikin artean harrapatuta geratu den ibai-sarearen edertasunari gorazarre egitea.

Boulevards de la Senne-zinea

‘Boulevards de la Senne’ (Juliette Achard eta Ian Menoyot)

Ibaiak berebiziko garrantzia du ere Maayo Wonaa Keerol (Le fleuve n’est pas une frontière, 2022) filmean. Hark banatzen dituen lurraldeak, herritarrak, nazioak eta nortasunak bereganatzeko zein ibaiaren emaria kontrolatzeko borrokak dira Alassane Diagok erakutsi nahi izan dituenak bere lan berrienean. Gaztetatik entzundako istorio eta gertakizunak ahots ezberdinetatik jaso ditu, 40 bizilagun senegaldar zein mauritaniarren oroitzapenak eta testigantzak bilduz. Gatazka eta gerra, biolentzia eta krudelkeria. Eskubide urraketak, heriotza (erailketa) zentzugabeak. Eta urteak pasatu ahala, isiltasun mingarria.

Mahai gainean emandako beharreko kolpe latza da Diagok aurkeztu duena, orain arte horretarako aukerarik izan ez duten biktimei hitza emanda: polizia ohiak, ozta-ozta heriotzari iskin egindako ama-alabak, Senegal ibaiaren inguruetako artzainak, iheslariak (70.000 inguru izan zirenak)… Horien guztien aitortzen entzule da zinemagilea, terapia eta memoria kolektiboaren behatzaile. Baina noizbehinka, atseden emango die, arnasa har dezaten, eta orduan agertuko dira zonaldeko paisaiaren irudiak, bi herrialdeen arteko konfrontazio-iturri den eta giza izaeraren hondamendiaren lekuko den ibaiarenak, alegia.

Ezbairik gabe, 17. Punto de Vista jaialdiko sail ofizialean ikusgai izan den ekoizpenik krudelena da Maayo Wonaa Keerol, kontatzen duen istorio basatiagatik, eta batez ere, kontatzeko duen modu sinple baina eraginkorragatik.

Chaylla-zinea

‘Chaylla’ (Claire Teper eta Paul Pirritano)

Bestetik, aurtengo lehiaketa ofizialari bukaera emanez, ikusgai izan diren gainerako filmetan zeharka jorratu izan den, baina era batera edo bestera, presente dagoen gaia ekarri digute Clara Teper eta Paul Pirritano zinemagileek lehen lerrora: emakumeen aurkako indarkeriarena. Gazte izanik haurdun gelditu, eta semea erditzean, alkoholak eraginda are gehiago zakartu den gizonarengandik urruntzea erabaki duen emakumea da Chaylla filmeko protagonista.

Jasanezina bilakatu den egoerari aurre egin ezinda, haren eguneroko borrokan murgilduko dute bi sortzaileek kamera, denboran luzatuko den kontakizuna lotuz. Hain zuzen ere, ikusleok ez gara elipsiez, denbora saltoez jabe izango, ez bada Chayllaren beraren itxura fisikoak, eta batez ere, emakumearen ile-mozketa aldaketek abisua emango digutelako. Aztertutako Maayo Wonaa Keerol lanean gertatu bezala, isiltasuna oihu bilakatzeko tresna da zinema, emakumearen askatze prozesuaren bidelagun, eta lekuko. Bere semearen aitarekin izandako telefono bidezko haserrealdiak, senide, gertuko eta profesionalen babesa, familia berreraikitzeko ametsa, epaiketa hutsalak…

Indarkeria jasaten dutenen sentimendu eta barne-eztabaidei irtenbide emateko prest ez dagoen sistema azaleraziko digu Chaylla-k, eta protagonistaren kasua pertsonala izatetik urrun dagoela erakutsiko digu, arazo sozial unibertsala dela aldarrikatuz.