Maria Elorza gasteiztarraren A los libros y a las mujeres canto opera prima Nantesko Festival du Cinema Espagnol jaialdian lehiatuko da egunotan, eta Uruguaiko Nazioarteko Zinema Jaialdian, Las Palmaseko Zinemaldian eta Buenos Airesko BAFICI-n izango da hurrengo asteetan. Azkenik, apirilaren 21ean, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan, estreinatuko da zinema-aretoetan.

a-los-libros-y a las mujeres canto-zinea

Gaztelaniaz eta italieraz filmatua, 72 minutuko iraupena du Donostia Zinemaldiaren 70. ediziotik arrakastatsu igarotako Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto proiektuak. Ostean, azaroaren 15ean, ZINEBI64 jaialdiko Beautiful Docs – Munduko dokumentalen panorama atal ez lehiakorrean erakutsi zuten, eta segidan, hilaren 22an, L’Alternativa Bartzelonako Zinema Independentearen Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen.

Baina, nazioartera begira ere badago Elorza. Rotterdamgo Nazioarteko Zinemaldiaren 52. edizioan izango zuen zinemagile gasteiztarraren film luzeak nazioarteko estreinaldia. 2023ko urtarrilaren 25etik otsailaren 5era bitartean gauzatu zen festibala, eta Bright Future sailean parte hartu zuen, zinema garaikidearen abangoardia irudikatzen duten beste zazpi opera primekin batera.

Erdibidean Logroñoko (Errioxa, Espainia) Los trabajos y las noches jaialditik igaro ostean -Aipamen berezia eskuratu zuen bertan-, egunotan  ospatzen ari den Nantesko Festival du Cinema Espagnolen lehiatuko da lana. Halaber,  Uruguaiko Nazioarteko Zinema Jaialditik, Las Palmaseko Zinemalditik eta Buenos Airesko BAFICI jaialditik igaroko da datozen asteetan.

Estreinaldi komertzialari dagokionez, asmoa da Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan iristea filma zinema-areto nagusietara.

Emakumeei kantari

Emakume bati ia Avioneta (hegazkin txiki) izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Beste batek etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek disertazioak entzuten dituzte lanean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte.

Horiei guztiei kantatu die Elorzak bere lehen lan luzea izango denean: Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, liburuak zaintzen dituen armada anonimoari. Horietako bakoitzak borrokatzen duen erresistentzia intimoari; epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.

Irakurri Ines Arruek filmaz idatzitakoak, hemen.