Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia jaialdia bere azken txanpan sartu da, baina oraindik ere, 17. edizioko sail ofizialak badu ezustekorik emateko. Orain arteko programarik dispertsoena ikusteko aukera izan dugu gaur, zazpigarrena alegia, izan ere, bertan aurkeztutako bi filmek zerikusi gutxi dute batak bestearekin. Are gehiago, estetikoki eta formalki planteamendu kontrajarriak dituztela esan daiteke.

Bizitzari gorazarre egin nahian, Varga Gábor zinema ikasle hungariarrak bere aitona erretratatzea erabaki du, bere etxean, eguneroko zereginetan murgilduta. Misterio handirik gabe filma da Nagyapám kertje, omenaldi xumea, bere buruarekin “kontent eta ase” egonik munduari agur esateko prest dagoen gizonari eskainitakoa. Bizikleta zahar bat konpontzen, eskailerak margotzen, lorategiko landaren usainaz gozatzen… haren zoriontasunaz, zahar egitearen edertasunaz, eta bizitzako detaile txikienez disfrutatzeko gaitasunaz txundituta utziko gaitu Gáborrek Nagyapám kertje lanean. Aitonaren barrenera iritsi nahian, kamerak ez dio alde egiten utziko, aupegiari itsatsita, enkoadrea guztiz beteko du, haren begiak izango baitira bidea eternitatera zabalduko diotenak.

Apocalipsis 20 21 22-zinea

‘Apocalipsis 20 21 22’ (Julius Richard Tamayo)

Aldiz, apokalipsiari dei egingo dio Julius Richard Tamayok, hain zuzen ere, Apocalipsis 20 21 22 izendatu duen obra esperimentalean. Munduaren akabera irudikatu nahian, edota horrela zirudien covid garaiko hilabete luzeak ordubete eskasean kondentsatu asmoz, geruza ezberdinez eraikitako film katarkikoa sortu du.

Demagun gainjarritako irudiez, testuz eta soinuz osatutako Jean-Luc Godarden collageak bat egiten duela 20ko eta 30eko hamarkadetako film sobietar iraultzaileekin, eta Lars von Trier daniarraren lehen lan ilun bezain siniestroek Jonas Mekasen home-video autobiografikoak dituztela lagun. Eta norabide berean, kataklismoa patu, Pink Floydek sortuta dirudien musika-oihartzun kosmiko progresiboa dugula entzungai. Bada, Apocalipsis 20 21 22 izututa eduki gaituen pandemiaren errepresentazioa izan daiteke, ezinegonarena eta antsietatearena.

Tembiapo Pyharegua-zinea

‘Tembiapo Pyharegua-zinea’ (Elvira Sánchez Poxon eta Christian Bagnan)

Aurreko programetan gertatu ez bezala, zortzigarrenak film bakarra dakar egitaraura. Tembiapo Pyharegua izenez, bi ordu luzeko dokumentala sortu dute Elvira Sánchez Poxon eta Christian Bagnan zinemagileek, Cuencan (Espainia) bizi den komunitate paraguaitarraren desirak, ametsak eta etorkizuneko erronkak ezagutaraztea helburu duena.

Gaztelera eta guarani hizkuntza uztartuz, komunitateko kideen egunerokoa, “gaurik gau” errotu eta landutakoa erakutsiko digute sortzaileek, ohiko kode narratibo klasikoetatik aldenduz, hizkuntza zinematografikoaren oinarrizko elementuekin esperimentatuz, irtenbide formal posibleak proposatuz, eta gertatu ahala filmatutako ekintza, ospakizun, elkarrizketa edo errituekin diskurtso fragmentario baina sendoa ehunduz.