17. Punto de Vista jaialdiaren baitan, Doklab formakuntza programaren lehenengo edizioan hautatuak izan diren 12 dokumentalgilek beren proiektuak aurkeztuko dituzte. Pitching saioak goizean zehar gauzatuko dira, Iruñeko Civicán aretoan.
Arena Comunicación ekoiztetxeak, Intermon Oxfam, Golem eta Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiarekin elkarlanean, dokumentalista berrien ahotsak bildu, esploratu eta audientzia globalari helarazteko asmoa duen Doklab formakuntza programa jarri zuten iaz martxan. ICAA Espainiako Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren finantziazioa du, NextGenerationEU-ren baitan.
Espainiar Estatuko eta Latinoamerikako zinemagile berriei, dokumentalgintzaren indarra eta balioa ulertzen eta sinesten dutenei, zuzendutako egitasmoa da, bi fasetan gauzatu dena: lehena, aurrez aurre, irailaren 26tik urriaren 9ra; bigarrena, proiektuaren online jarraipena, urritik 2023ko martxora bitartean. Bada, azken txanpan sartuta, gaur emango diote amaiera Doklan programaren aurreneko ekitaldiari.
Izan ere, Punto de Vista jaialdiaren 17. edizioaren baitan, hautatuak izan diren 12 dokumentalgilek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, beren ekoizleek lagunduta. 9:00etan ekin diote pitching saioei, eta 13:00etara bitartean jardungo dute, Iruñeko Civicán aretoan. Bakoitzak 10 minutu ditu hitz egiteko eta epaimahaikideen -Ana María Peláez (RTVE), Rosaura Romero (En Cero Coma), Ana Vicente (Dogwoof) y Elisa Sepúlveda (Fulgurance)- galderei erantzuteko.
Ondoko sortzaileek hartuko dute hitza: Mar González, Jhon Ciavaldini, Albert López, Iker Oiz, Tomás Vielle, Pedro Ayose, Bárbara Fernández, Oliver Olivo, Marina Thomé, Samuel Nacar, Filipe Araujo eta Claudia Córdova.
Egonaldia
Egoiliarrek zinemagile entzutetsuek gidatutako klase magistralak, sorkuntza tailerrak, eta dokumentalgintzan hezteko formakuntza berezia jaso dute hautatutako proiektuetako arduradunek. Goizetan, filmen lehengai izanik, errealitatea abiapuntu, ikuspuntua garatzeko gakoetan jarri izan dute fokua. Lucía Salas, Amaia Merino e Iñaki Alforja, Ana Herrera, Joxean Fernández, Gonzalo de Pedro y Beatriz Lucas, Pablo Tosco y Enrique Abad, Peter Andermatt, Ainara Vera, José Ramón del Río eta Marias Recarte izan dituzte gonbidatu.
Arratsaldeetan, aldiz, merkatuari begiratu diote. Doklab Navarrako arduradunen hitzetan, “pelikulak egiteak zentzua du baldin eta beste pertsonen bizitzetan eragiten badute”. Hala, proiektuak garatzeari ekingo diote. Horretarako, Jorge Santos, Carlos San Julián, Jaume Ripoll, Elsa Rodríguez Monje eta beste hainbat profesionalen bisita izan dute.