Badira existitzen ez diren irudiak, horiek, Iñigo Salaberriari Al borde del agua film laburrean entzungo diogun bezala, gure irudimenaren baitan daudelako. Horiek ikusgarri egitea, hau da, sortzailearen burutik atera eta materia bihurtzea du zinemak erronka; behintzat errenteriarrarentzat. Begirada behatzailearen defendatzaile, norbere kezka eta ezinegonak erretratatzeko erabili zuen, biziz zen artean, super 8 pelikuladun kamera. Bideo artearen eta zinema esperimentalaren maisu, euskal zinemagintzari bestelako leiho bat ireki zion Salaberriak, baina bere emaria ez dugu gaur arte guztiz ezagutu.

Maria Elorza zinemagile gasteiztarrak hartu du bideo artista errenteriarrak inoiz erabili gabeko ‘proba irudiei’ forma ematearen ardura (gerora sortuko zituen filmen zirriborro gisa ulertzen zituen irudiok). 1984 eta 1988 urte bitartean grabatutako bilduma berpiztu du 17. Punto de Vista jaialdian, Salaberriari berari egindako omenaldi xume bezain ederra eraikiz. Eta jardunbidean, beren berekoa duen muntaiarako gaitasuna berretsi du Elorza, bizitza bezain handi den itsasoa topagune. Materia filmikoa modu armoniakoan lotuz, banan banako irudiei arima berri bat oparitu die gasteiztarrak, Ancora Lucciole (2018), Quebrantos (2020) eta berriki A los libros y las mujeres canto (2022) lanetan egin bezala. Horixe baita zinemagintzaren gakoa, birsortu, berreraiki eta biziberritu.

Notas para una película-zinea

‘Notas para una película’ (Ignacio Agüero)

Al borde del aguan itsasoa den bezala, bestelako motibo zinematografiko klasiko baten inguruan eraiki du Ignacio Agüero txiletarrak Notas para una película bere film luze berrienean: trena, zinemaren historiari hasiera eman eta helmugarik oraindik aurkitu ez duen hori. Hain zuzen ere, sortu duen filmaren esentziaren bilaketa-prozesu bat da, mintzagai duen testuinguru soziopolitikoaren ikerketa beregain duena, zinema latinoamerikar garaikide independenteak azken urteotan hartu duen norabidearen erakusgarri.

2023ko jaialdiko sail ofizialean lehian ari diren Argentina, Peru edota Mexikoko ekoizpenek aztergai duten (bigarren programako El polvo ya no nubla nuestros ojos eta Tótem lanek bederen) iragan kolonialari begira ageri zaigu Agüero, XIX. mende bukaeran Gustave Verniory ingeniari belgikarrak idatzitako ‘Diez años en Araucanía. 1889-1899’ egunerokoa abiapuntu hartuta. Trenbide-sarea handitzeko asmotan kontratatu zuen gobernuak, eta erakundearen eta Mapuche herriaren arteko gatazkarekin egin zuen topo, azpiegiturak eraikitzeko lurrak bere egin baitzituzten agintarien.

Bada, Verniory ingeniariaren eguneroko pasarteak irudi bilakatu ditu Agüerok, zuri-beltzean, orainaldiko testigantza eta ausentziei tokia eginez, ‘pasatu zenari’ eta ‘pasa zitekeenari’ erantzun posibleak emanez. Fikzionatutako dokumental arrunta izatetik urrun, askatasun estetiko eta formalak zinema egitearen jardunbideaz eta aukera ezberdinez hausnartzera darama errealizadorea, atzoko eta gaurko Txileko paisaiak agertoki dituela. Garai hartako memoria eta aldarrikapenaren leiho izatera mugatu gabe, inoiz sendatu gabeko zauriari (gaur egun oraindik ere gatazka bizi-bizi dago lurraldean) irakurketa metafilmikoa erantsi dio sortzaileak, latinoamerikar zineman puri-purian dagoen identitate nazionalen gaiari eutsiz, beren zinema propioaren ezaugarriak berrasmatuz.

de songes au songe dun autre miroir-zinea

‘De songes au songe d’un autre miroir’ (Yunyi Zhu)

Bestetik, ispiluak metaforatzat baliatuz, norberaren irudiak bueltan ez datozenean berauek objektu “hotzak eta irristakorrak”, hau da, esanahirik gabekoak direla erakutsiko digu Yunyi Zhuk De songes au songe dun autre miroir film laburrean, festibaleko bosgarren programaren baitan. Ikusmen urritasuna duten pertsonenen unibertsora hurbildu nahi du zinemagile txinatarrak, baina ez du lortuko. Berehala konturatuko da praktikaren ezintasunaz, eta porrota zintzoki onartuko du.

Lewis Carrol idazlearen Alice’s Adventures in Wonderland argitalpenean planteatzen den “zertarako balio du irudirik gabeko liburu batek?” auzia bere eginez, Zhu jabetuko da kontatu nahi duen istorioa kontatzeko esku artean duen narratibak eta ikus-entzunezko lengoaiak, ihes egiten diola. Hala, irudiak hauteman ezin dituzten pertsonei buruz aritzeko irudiok erabiltzeak zentzurik ote duen galdetuko dio bere buruari.

Ikusmen urritasuna duten horiei matera bisuala ukatzen bazaie ere, hausnarketarako erreminta bilakatuko da zinema errealizadorearentzat, eta eskuetan, ukimenean, jarriko du fokua, pertsonontzako sentimenduekin eta beren “lurralde miresgarriarekin” zuzeneko lotura duen zentzumenean: “Eskuak dira ispilua, atzamarrak isla”. Urkoaren errealitatea ulertzen saiatzeko ariketa zintzo bezain hunkigarria eraiki du txinatarrak, guztiz sentsoriala, mundua bestela hautematen dutenei ahotsa emango diena.

Éclaireuses-zinea

‘Éclaireuses’ (Lydie Wisshaupt-Claudel)

Azkenik, Lydie Wisshaupt-Claudel zinemagileak etorkizuneko herritarrei norbait izateko aukera ematen dien proiektu bateko bi arduradunen jarduna erretratatu du Éclaireuses filmean. Ezintasuna filmatzetik, ahala filmatzera. Irakasle izandako Marie y Juliette dira protagonistak, jatorrizko lanbidea utzi eta Bruselan, eskolarizatu gabeko haurren hezkuntza beregain hartuko duten bi emakume. Bihotza eta arima jarri dute La petite école izenez ezagun den zentroa aurrera ateratzen, askotan, instituzioen presioak ere jasaten.

Hezkuntza eta heziketa erdigunean jarri izan duten ekoizpen frankofonoen multzoan koka daiteke Éclaireuses. Besteak beste, Entre les murs (Laurent Cantet, 2008), Latelier (Laurent Cantet, 2017), edota À voix haute – La force de la parole (Stéphane de Freitas, 2017) lanetan gertatu bezala, motibazioa eta bokazioa partekatzen duten hezitzaileengan jarri du Wisshaupt Claudelek arreta, lanbide baino, ekintza militante gisa ulertzen duten horiengan.

Eta onuradunak, ahaztuak izateko arriskua duten neska-mutilak izanik -kasu ia guztietan, gerratik ihesi Bruselan babesa aurkitu duten etorkinen seme-alabak-, dokumentalak giza eskubideen defentsa sutsua egingo du, diskurtso eta errelato politikoak barregarri utziz, eta eskolaren/hezkuntzaren beharra eta garrantzia, sinbolismo ororen gainetik, aldarrikatuz.