Atzo abiatutako bi programei jarraipena eman die gaur, 17. Punto de Vista festibaleko sail ofizialeko zinema eskaintzak: bina film labur eta luze aurkeztu dituzte. Abiapuntu oso sinplea dauka ikusgai izan den lehen obrak, Teléfono, Navidad film laburrak: 84 urteko emakume batek eta bere semeak etxeko telefono finkoa hartu eta senide eta lagunei deituko diete, Gabonak iristear direla, zoriona opatuz. Malena Zambrani zinemagile argentinarraren apustuak, aldiz, irakurketa kritikoa ezkutatuko du. Ez horrenbeste nostalgikoa, baizik eta, gizatiarra.

Telefonoz hitz egiteari beldurra hartu diogun garaiotan, eta bat-bateko mezularitzak pertsonon arteko komunikazioa erabat aldatu duela jakitun, errealizadoreak noizbait erritu izandako ekintzaren aldeko aldarria egingo du. Nork ez du gogo biziz gogoratzen banan banan hurbilekoenen berri izateko asmoz, interesa agertu eta zuzenean deitzen genieneko emozio hura, sentimendu bizi hura? Gabonetan, urtebetetzeetan, edota arratsalde soil batean.

Giza harremanez ari zaigu hizketan Zambrani, mugikorrek eta txatek hoztu duten hartu-emanaz. Teknologiaren garapenak bultzatutako komunikazio-sare masibo, eroso eta inpertsonalak gizabanakoari berezkoa duen izaera soziala ukatu diola, hain zuzen ere. Komunikazioa inkomunikazio bilakatu dela, bederen.

Miyama Kyoto Prefecture-zinea

‘Miyama, Kyoto Prefecture’ (Rainer Komers)

Bestalde, komunitate baten parte izatearen ideiari bueltaka, Rainer Komers errealizadoreak Japonen emaztearekin bizi den Uwe Walter musikari alemaniarra aurkeztu digu Miyama, Kyoto Prefecture filmean. Maisua da Shakuhachi txirula jotzen, eta armonian bizi da, ingurugirora erabat moldatuta. Miyamako eguneroko bizitza zintzo erretratatuko du Komersek, Ozuren film batean bageunde bezala. Bizilagunak bezala, arroza lantzen, lorategiak ureztatzen edota etxeko lanak egiten ageri zaigu.

Baina 30 urte daramatza naturak irentsitako herrixkan, eta oraindik ere atzerritan sentiaraziko dute bizilagunek, eta hori da hain zuzen ere filmak inplizituki azaleratuko duen konfliktoa, narratiboki zein formalki. Komersen kamerak, zorroztasunez, inguratuko du alemaniarra, herrikideen epai morala zinematografiko ere bilakatuz. Hala, norbere burua nongotarra definitzeak dakartzan estigmez hausnartuko du sortzaileak zintzoki.

cette-maison-zinea

‘Cette Maison’ (Miryam Charles)

17. Punto de Vistako laugarren programan, aldiz, euskal literatura modernoak eman duen idazle, eta batez ere, poeta berezienari egindako poema bisual laburra aurkeztu du Peru Galbete artista gipuzkoarrak. 2018an zendu zen Joxean Artze usurbildarra gogoan, haren sorkuntzaren muinean dauden gaiak (gizakia eta bere ingurua, norbere izatea eta unibertsoarekin dialektika) ikus-entzunezko lengoaiara egokitu ditu, elementu ezberdinen aukerak muturrera eramanez: irudia eta soinuaren lanketa bereizgarriaren arteko konexioan esploratuz.

Muntaketa lanak ematen dio zentzua zinema bidezko bilaketa esperimental honi. Bide bazterrean hi eta ni kantari film laburrak Artzeren beraren aurpegia dakar pantailara, haren testuak, eta kamera analogiko bidez filmatutako eta Galbetek hartutako edota berreskuratutako irudiak. Ez da pieza narratibo klasiko bat, figura ezagun baten inguruan eraikitakoa, baizik eta irudiak bata bestearen atzean aurkeztuz (zaharrak, berriak…), elkar eragiten duten eta haren sorkuntzarekin bat egitea bilatzen duen omenaldi adoretsu bat.

Kutsu esperimentala dauka Miryam Charlesen lehen obra luzeak ere. Film saiakera, lekukotza-dokumental eta fikziozko lanaren arteko hibridazioa da Cette Maison, heriotza tragiko baten inguran eraikitakoa. 2008an senide batek bere buruaz beste egitean, zinemagilea hark berau egitera eraman zituen arrazoiak eta ondorioak ulertzen saiatuko da, hamarkada geroago. Eta horretarako zinema erabiliko du.

Artearen berezko esentzia sortzaileari men eginez, berpiztu egingo du Charlesek hildakoa kamera aurrean. 16 milimetroko kamerekin errodatuta, amesgaizto baten lez ekarriko du gurera haren izpiritua, denbora-espaizo logikak hautsiz, eta asmatutako/imajinatutako etorkizuneko balizko bizitza oparituz.