Harrizko hondartza bati begira hasi dugu 2023ko Punto de Vista – Nafarroako Nazioarteko Zinema Dokumentaleko Jaialdia. Ordu erdi pasatxo irauten duen plano finko bat da, sekula aldatuko ez dena, baina zentzu propioa duena. Iluntzen ari duen zerua goian, eta itsasoaren orroa behean, natura eta gizakiarekiko loturaz mintzo zaigu Sharon Lockhart, pertseida meteoroen izar jarioak telefono mugikorretako linternetan beren baliokidea aurkitu bitartean.
Denboraren joana eta bizitza bera nolabait definitzen duten bi elementuek hartuko dute, zeharka, berebiziko garrantzia Eventide film labur filosofikoan: mugimenduak eta argiak. Planoa finko mantenduko bada ere, bertan sartu-irtenak egingo dituzten emakumek emango diote bizitza egoera egonkor horri, zeruko izarrak bailiran, argitzen eta itzaltzen joango direnak.
Hala, zinemarekiko parekotasunak balio ontologiko eta existentziala erantsiko dio film laburrari. Bada, obra txiki bezain esanguratsua eraiki du Lochartek, barne hausnarketa beregain hartuko duena. Zinema ezezaguna denaren bilaketa batean oinarritutako esperientzia gisa ulertuta, naturak, eta beronen hedapenerako tresna den arteak eskutik helduta bat egingo dute, amaierarik gabeko mugimendu katea elikatuz.
Historiaren denbora lerro ziklikoari erreparatu dio Comes Chahbazian zinemagileak Notre Villagen ere. Mugimenduaren eta argiaren lekukoa, gerrak eta heriotzak hartuko dute, eta hausnarketa formal eta isilen ordez, ahoz goran egindako lekukotza zuzenek gidatuko dute film luzea, Punto de Vistako lehen programa itxiz.
90eko hamarkada hasieran, Artsakheko Errepublikan kokatutako herrixka bateko biztanleek sufritu zuten inbasioa eta zapalkuntza ekarriko digu gogora Chabazianek. Biztanleek beren lurra babesteko armak nola hartu zituzten erakutsiko digu, Sobietar Batasuna desagertu osteko lehen gerrilla eta mugimendu iraultzailea sortzeraino. “Guretzako gure herria oroitzapena bat baino ez da. Baina bizirik diraugu!”, entzungo diogu, adibidez, erresistentzia taldeko kide bati, defendatu nahi zituen baso, ibai eta kaleetan diharduela. Hala, kultura, etnia eta nazio txikien garbiketa behin eta berriz errepikatu den jardunbidea izan dela salatuz, noizbait bere izan duten herriaren memoria berreskuratzeko saiakera ondu du zinemagileak, banan banakoen oroitzapenetatik abiatuta, historia komuna ehundu asmoz.
Bestalde, elkarren osagarri eta elkar elikatzen diren bi lanek osatu dute sail ofizialeko bigarren programa. Latinoamerikako lurraldeetan, 50eko eta 60ko hamarkadetan, ekoiztu ziren film konprometitu eta militanteen leukoa hartzera datoz El polvo ya no nubla nuestros ojos eta Tótem, herritarren memorian eta zaurietan sakonduz, eta sentimendu kolektiboa arma politiko bilakatuz.
Hain zuzen ere, Colectivo Silenciok ondu du saioan ikusgai egon den film laburra, eta sinadura konpartituak badu zentzurik. 200 urte bete dituen Peruren sorrera du aztergai El polvo ya no nubla nuestros ojosek, gogoetak etab. irakurtzen ageri dira, batez ere, landa-eremuko bizilagunak. Nazio-eraikuntzak zapaldutako errealitateak, hizkuntzak eta etniak lehen lerrora ekartzeko apustu egin du Colectivo Silenciok, isildutako borrokalariei eta zordunei beren burua goresteko eta diskurtso ofizialak ezbaian jartzeko aukera emanez. Super 8 mm-tan filmatuta, narratiba militantearen estetika barneratuz, eta batez ere, Tercer Cine izeneko ekoizpen eredu anti-instituzional, periferiko eta sozialaren itzala luzatuz, ahanzturara kondenatutako delirioak erakutsiko dizkigute film laburrean: lurra, lana eta hizkuntza; memoria, identitatea eta elkartasuna.
Perutik, Mexikora tokialdatuz, eta kamera aurreko irakurketen ordez off ahotsean egindako narrazioa baliatuz, biolentziaren eta desagerpenaren inguruko ikerketa dokumental zorrotza bilakatuko da Tótem. Unidad de Montaje Dialéctico kolektiboak errealizatutako film saiakerak ikus-entzuleak subjektu aktibo izatera behartuko ditu, ez horrenbeste, ahots gidarien tesiengatik, baizik eta horien osagarri diren irudi ontologikoengatik. Bada, Einsestein eta Godarden ildo zinematografikoa dago atzean: zinema, irudiak, pentsamendurako tresna filosofikoak.
Nola erretratatu eta erakutsi behar biolentzia? Bada, XX. mende hasierako diktadura latinoamerikarretan zein Espainiako frankismoan aurkari politikoak desagerrarazteko erabilitako praktika bortitzak, eta gerora nazismoak perfekzionatutako garbiketak bere horretan ezagutu izan dira, baina zilegi al da? Galderari erantzun formal eta estetikoa emango dio Tótem-ek, gaur egun ere halakoak modu sistematikoan gertatzen direla salatuz.
Urtero-urtero Mexikon arrastorik utzi gabe desagertzen direnen zenbatekoa gora doala ardatz hartuz, inoiz berreskuratuko ez diren gorputzen memoriaz, doluaz eta traumaz jardungo du Tótem-ek, eta batez ere, horiek gizakiongan suposatzen duten erresistentzia politiko intimo bezain kolektiboaz. “Desagerpenaren espazioak” kontzeptua proposatuz, ideiak eta premisak sinbolo bilakatu dituzte Unidad de Montaje Dialécticoko sortzaileek, ikusiezina den, eta ondorioz, behin-behinekoz existitzen ez den hori (desagertutako gorputza) dokumentatzeko eztabaidan sakonduz, hustutako irudi eta espazioak proposatuz.