Fikziozko, animaziozko edota lan-dokumentalak zein telesailak ekoizteko, eta gidoiak idazteko diru-laguntzen deialdia argitaratu berri du Gasteizko Udalak. Apirilaren 26ra arte dago proiektuak aurkezteko epea zabalik.

Gasteizko udala-ikus-entzunezko laguntzak-zinea

Tokiko ikus-entzunezkoaren sektoreko profesionalen sormena eta jarduna bultzatzea du helburu deialdiak, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ekoizpena sustatzea, alegia. Hiru laguntza-adar berezi dituzte, eta bakoitzaren oinarri eta baldintza propioetara egokitu beharko da eskatzailea:

  1. Film luze, telesail eta telesail laburren ekoizpena (50.000€)
  2. Film laburren ekoizpena (40.000€)
  3. Gidoien idazketa (10.000€)

Eskaerak aintzat hartzeko, eskatzaileak Gasteizen izan behar ditu egoitza sozial edo fiskalak, eta, eguneraturik izan beharko ditu Gizarte Segurantzarekiko zein Zerga Sistemarekiko betebeharrak. Halaber, laguntza-adarren bateraezintasuna jaso dute oinarriek. Hau da, proiektu berak ezingo ditu ekoizpenerako eta gidoien idazketarako laguntzak eskuratu. Horrez gain, oinarriek zehaztu dute profesional bakoitzak lau proiektu aurkeztu ahalko dituela gehienez.

Hautaketa-batzordeak ondoko irizpideen arabera egingo du balioespena: proiektu bakoitzaren bideragarritasuna (30 puntu), eragin sozioekonomikoa (10 puntu), gidoiaren kalitatea (30 puntu), finantzaketa plana (10 puntu), ekoiztetxearen, zuzendariaren eta gidoigilearen ibilbidea (10 puntu), jatorrizko euskarazko bertsioa (10 puntu) eta emakumeen parte hartzea hainbat zereginetan (10 puntu). Aurkeztutako proiektuak diru-laguntza jasotzerik izan dezan, gutxienez 50 puntu eskuratu beharko ditu.

20 egun baliodunekoa izango da (apirilaren 26ra arte) eskabideak aurkezteko epea, deialdiaren laburpena Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratzen den egunaren biharamunetik.

Zuen proiektuak prestatzeko, irakurri aurtengo OINARRIAK.