Batez beste, nafarrak 1,41 aldiz joan ziren 2022an zinema aretoetara (933.446 ikus-entzule). Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, aldiz, 1,23ko batez bestekoa du (2,7 milioi ikusle) FECE Espainiako Zinema-Aretoetako Federazioak arigtaratutako txostenaren arabera.
2022 urteko ikusle kopuruen balantzea egin du Espainiako Zinema-Aretoetako Federazioak, eta zabaldutako datuek diotenez, Nafarroako zinema aretoak 933.446 ikus-entzule bildu zituzten 2022an, hala, Hego Euskal Herriko lehen lurraldea izan zen, eta espainiar lurraldeko hirugarrena. Batez beste, nafarrak 1,41 aldiz joan ziren iaz zinema aretoetara, Madrilgo Autonomia Erkidegoko (12.329.649 ikusle; 1,83 aldiz) eta Kataluniako (11.461.953 ikusle; 1,47 aldiz) biztanleak aurretik zituztela. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, zazpigarren postuan ageri da: 2,7 milioi ikusle izan ditu FECEk, hau da, 1,23 aldiz batez beste.
Federazioak zehaztu duenez, ikus-entzule kopuruaren kalkuluak ateratzeko garaian saldutako sarrera kopurua izan dute kontuan, eta ez bertaratutakoena. Izan ere, gerta zitekeen gizabanako bakoitzak film bat behin baino gehiagotan ikustea. Espainiako lurraldeko batez bestekoa 1,11koa izan da 2022an.
Orotara, lurralde bakoitzak duen biztanleria eta pantaila kopurua kontuan hartuz ere, Nafarroa ageri da Hego Euskal Herriaren buru: 62 pantaila daude, eta milioi biztanleko, batez beste, 93. Lehen postuan dagoen Errioxarekin gertatu bezala, pantaila gehiago daude milioi biztanle baino. Ostean datoz gainerako euskal lurraldeak: 196 pantaila; 88, milioi biztanleko.
Batutako diru-kantitateari erreparatuta, bestalde, Nafarroa lehen postuetatik aldenduta ageri da (5.332.781 euro) , eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak gora egin du, bosgarrenera (16.875.378 euro).
Ezagutu FECEren txostena, jarraian.