Bilboko Bizkaia Aretoan (EHU/UPV) pantailaratuko dute Iratxe Fresnedaren hirugarren film luzea. 20:00etan hasiko dute emanaldia, eta ostean, sortzaile bizkaitarrak hitza hartuko du, bere lanaren ingurukoak azaldu asmoz.
Pertsona migratzaileei buruzko filma da Tetuán, non zinema, familia baten istorioak eta memoria, igaroleku eta nebulosa bailiran banatuko diren. 2022ko Xixongo Nazioarteko Zinemaldian eta ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ikusi zuen proiektuak argia, eta orainaldiko ikuspuntutik migrazio eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen sorkuntza dokumental gisa aurkeztu zuen Fresnedak.
Bada, gaur bertan, Loraldia Festibalaren bederatzigarren edizioaren baitan pantailaratuko dute Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta Lurralde Hotzak (2018) filmekin hasitako erregistro eta oroimenaren inguruko trilogia osatu duen filma. 20:00etan hasiko dute emanaldia, Bilboko Bizkaia Aretoan (EHU/UPV), eta ostean, sortzaile bizkaitarrak hitza hartuko du, bere lanaren ingurukoak azaldu asmoz.
Nola heltzen dira, zein arrasto uzten dute gure artean pertsona migratzailearen ahotsak eta oroitzapenak? Zein gatazka borrokatzen ditugu pertsonok bizirauteko asmoz? Alaba batek (zuzendaria bera), bere hildako aitaren (migratzailea izan zena) historiarekiko jakin-minak gidatuta, film honetan, iraganeko eta orainaldiko historien berreraikitze eta bilaketa bidaia bat hasiko du. Bidaia honetan, Danubioren ertz lasaian hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Saharako basamorturaino jarraituko ditu dokumentalak Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed protagonisten istorioak.
Pinpi&Nella Films ekoizpen etxea, Marmoka Films, Corpus Films eta Arena Comunicación taldeak daude proiektuaren atzean, eta Jonay Armas arduratu da musika konposizioaz. Mezenasgo kanpaina arrakastatsu baten ondoren lortu dute filmaren ekoizpenaren finantzaketa beharrak estaltzea. Proiektuak, gainera, ICAA, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrigorriagako Udala, ETB, Kanaldude eta Otxoa de Barandika Fundazioaren laguntza izan du.
Irakurri ZINEBIren baitan Iker Zabala kritikariak idatzitako iruzkina, ikusi ZINEAn sortzailearekin izandako elkarrizketaren bideo laburpena.
Mailua gara!
Euskaraz sortzen diren kultur adierazpen anitzen plaza izan da sorreratik Loraldia Festibala. Are, agente dinamizatzailea bilakatu da urteetako bere ibilbidean zehar, eta sortzaileak zirikatu izan ditu sormenaren mugak arrakalatu eta ordura arte irudikatu gabeko diziplinak lantzeko, ikuskizun erakargarriak sortzeko eta euren sormena Bilboko erdigunera ekartzeko. Tokia eta fokua eman diote euskal sormenari; sortzaile berriak deskubritu eta hertzetakoak erdigunera ekarri. Sortzaileen arteko lankidetzak sustatu eta, hala, proposamen ausartak mahaigaineratu. Iturri zaharretik edan, ur berria emateko.
Euskaraz eta Bilbon, ia martxo osoa hartuko duen ikuskizun-ziklo berria martxan da hilaren 9az geroztik. Mailua gara! lelopean, hiriguneko hamalau espazio desberdin hartuko ditu egitarauak, eta euskal kulturaren hainbat erreferentek eskainitako emanaldi eta ekintzak izango ditu protagonista, hala nola, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Karmelo Landa, Aire Ahizpak, Ines Osinaga, Mikel Martinez, Miren Amuriza, Igor Elorza, Rafa Rueda, Beñat Axiari, Joseba Irazoki, Kukai dantza taldea, Eneritz Dueso, Lorea Argarate, Amaia Agirre, Danele Sarriugarte, Maddi Ane Txoperena, Maider Arregi, Miren Narbaiza eta Castillo Suarez.
Ikusi egitarau osoa hemen.