Jon Mikel Fernandez Elorzek zuzendu eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako proiektua Frantziako CNT La Confédération Nationale du Travail-en egoitza nagusian proiektatuko dute, bihar, poliziaren bortizkeria aztergai izango duen jardunaldi bereziaren baitan. Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen ikuspuntutik, torturak ditu ardatz Bi arnas (2022) dokumentalak.
Aste antikolonialista eta antirazista-ren 2023ko edizioa abiatuko dute larunbatean, Parisen, eta apirilaren 1era bitartean luzatuko da. 2006an jaiotako ekimena da, eta urtero mahai-inguruak, liburu aurkezpenak, erakusketak eta filmen emanaldiak hartzen ditu. Bada, bihar bertan, Bi arnas (2022) dokumentala pantailaratuko dute, 15:45ean, Frantziako CNT La Confédération Nationale du Travail-en egoitza nagusian (33, Rue de Vignoles), eta sortzaileak bertan izango dira, Comité de Solidarité au Peuple Basque elkargo paristarreko kideekin batera. Hilaren 25 eta 26ko jardunaldiek poliziaren bortizkeria izango dute aztergai.
Hain zuzen ere, torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu Bi arnas filmak, eta Iratxe Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita Mari Nieves Diaz bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta.
Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.
Dokumentalak Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du, eta 2022ko maiatzaren 22an ikusi zuen argia. Izan ere, Irungo Amaia Kultur Zentroan erakutsi zuten aurrenekoz Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako lana, bi protagonista nagusien jaioterrian. Filma Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean aurkezteko aukera eduki zuten irailean, eta ordutik, herriz herri ari dira emanaldiak egiten.
Euskal Telebistaren berririk ez
Martxoaren 14an Kataluniako TV3 telebista kateko ‘Sense ficció’ programaren baitan emititu ostean, Frantziako hiriburuan egongo da dokumentala ikusgai. Filma pantailaratu duen lehen telebista izan da TV3, eta emaitza ezin hobea izan du apustuak. %10,1eko ikusle kuota egonkorra lortu zuen, ia 200.000 ikusle. Hartara, prime time emisio orduan ikusle gehien bildutako emisioa bilakatu da.
Non dago Mikel? (2020) eta Bolante baten historia (2021) filmekin gertatu bezala, lehenago eskaini dute emisio irekian Katalunian Euskal Herrian baino. Fernandez Elorzek BERRIA egunkariari azaldutakoaren arabera, ez du Euskal Telebistaren proposamenik jaso oraindik.
Irakurri Ander Makazagak filmaz idatzitakoak, hemen.