Martxoaren 30era bitartean, Gipuzkoa Naturaldia ekimena gauzatuko dute lurraldeko hainbat herritan. Naturarekin lotutako ikus-entzunezko edukiak, eta bereziki, pertsonek naturarekin duten harremana islatzen dituztenak proposatuko dituzte.
Gnat Zinema – Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiak hirugarren edizioa abiatuko du gaur, Donostiako Antzoki Zaharrean. 19:00etan hasita, Juan Manuel Sotillosek zuzendutako Con la fuerza del viento (2023) dokumentala estreinatuko dute, haize lera erabiliz Indlandsisaren (Groenlandiako izotz geruzaren) lehen zeharkaldia erakutsiko duena. Emanaldiaren ostean, SOS ARTIC espedizioan parte hartu zuten Sotillos zinemagilea eta Lucia Hortal zientzialaria izango dira solasean. Saiora bertaratzeko gonbidapenak Donostia Kulturaren atarian eta Antzoki Zaharreko leihatila erreserbatu daitezke.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak antolatutako ekimena da Gnat Zinema, naturarekin erlazionatzeko gizarteek dituzten moduak ikuspegi desberdinetatik ezagutzeko aukera ematen duena: “pertsona eta animalien arteko harremanak, klima aldaketak gure bizitzan dituen eraginak, bizitza jasangarriago baterantz jotzeko bideak eta baita ere gizakiak eraldatutakoak birnaturalizatzeko aukerak”. Bada, martxoaren 30era bitartean, 9 udalerritan (Azpeitia, Donostia, Eibar, Errenteria, Mutriku, Oñati, Ordizia, Tolosa eta Zumarraga) 11 film pantailaratuko dituzte:
- Con la fuerza del viento (Juan Manuel Sotillos, 2023) | martxoaren 23an, Donostian (Antzoki Zaharra); martxoaren 29an, Zumarragan (Zelai Arizti aretoa).
- El leopardo de las nieves (Marie Amiguet, 2022) | martxoaren 24an, Eibarren (Coliseo aretoan)
- We The Power (David Garret Byars, 2021) | martxoaren 24an, Mutrikun (Zabiel Kultur Etxea)
- Salvar Tenerife (Felipe Ravina, 2022) | martxoaren 28an, Donostian (Aquarium)
- Fire of Love (Sara Dosa, 2022) | martxoaren 28an, Ordizian (Herri Antzokia)
- Aware (Gerard Olivé, 2022) | martxoaren 28an, Azpeitian (Soreasu aretoa)
- Cuerdas (Estibaliz Urresoa, 2022) | martxoaren 29an, Errenterian (Niessen Kulturunea)
- Joy (Aner Etxebarria, 2022) | martxoaren 29an, Errenterian (Niessen Kulturunea)
- Forest for the Trees: The Tree Planters (Rita Leistner, 2021) | martxoaren 29an, Oñatin (zinema aretoa)
- Fanado o Desierto (Francisco Vaquero, 2023) | martxoaren 30ean, Tolosan (Topic aretoa)
- Entre montañas (Unai Canela, 2022) | apirilaren 1ean, Donostian (Tabakalera)* Kutxa Ekogunearen Bihotz Berdeak programarekin Lankidetzan atondutako saio berezia
III. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiko saio guztietarako sarrerak doan eskuratu daitezke, egoitza bakoitzeko leihatilan, edota ondoko estekan. Gainera, 9 udalerrietako DBH1 eta 2 mailako ikasleei zuzendutako emanaldiak ere egingo dituzte, Barbakana, otsoaren aztarna (Arturo Menor, 2018) dokumentala eskainiz.
Kolapso globala saihestu bidean
Nola eragiten die klima aldaketak gure munduko ekosistema nagusiei? Nola ari da aldatzen paisaia, bereziki babestutako eremuetan? Galdera horiei erantzuna eman nahian, Klima aldaketa erakusketa hartuko du Gnat Zinemak aurten, Donostiako Okendo plazan. AXA Fundazioak eta Lunwerg Editores argitaletxeak antolatuta, eta Joaquín Araújo naturalista komisario duela, munduko eremu jakin batzuetan paisaien eta bizitzaren hauskortasuna erakusten duten hirurogeita hamar irudi zirraragarrik osatuko dute. Gaur, martxoaren 23an, zabalduko dute, eta apirilaren 10era bitartean bertaratu daiteke.
Ezagutu programa, jarraian.