Maiatzaren 1etik 6ra ospatuko da Dock Of The Bay – Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren hamaseigarren edizioa. Prestaketa lanetan murgilduta, kartela eta sail desberdinetako epaimahaikideak aurkeztu dituzte.
Dock of the Bay argitsu itzuliko da Donostiara, pandemiak eragindako data aldaketek baldintzatuta, inoizko edizio udatiarrena gauzatu zuten 2021ean, eta neguko giro ilunetik ihesi, udaberrian mantendu dute ordutik hitzorduaren data. Hiriko hainbat txokotan egingo dituzte emanaldiak eta iragarri dituzten jarduera paraleloak: Trueba zinema-aretoetan, Tabakaleran eta hiriko beste espazio batzuetan, hala nola Dabadaban, Kutxa Kultur Klubean eta Santa Teresa komentuan.
Aurtengo honetan ere Primo Estudioa arduratu da festibalaren irudia diseinatzeaz. Mugimenduaren ideiatik abiatzen da irudia, musika modu poetiko eta bisual batean irudikatzeko modu gisa. Honela garatu du ideia Jorge Elosegi kartelaren egileak: “Jaialdiaren identitate grafikoaren diseinuan, beti hitz egin nahi izan dut musikaren eta irudiaren arteko harremanaz. Partitura izan liteke kometa mugiarazten duen haizea, eta haren mugimendua musika bera izango litzateke. Ideia horrekin jarraituz, zer musika imajinatzen duzu kometa bat hegan ikusten duzunean?(… Imajinatzen dugun musika ez da bera izango egun urdin eta eguzkitsu batean, edo ortzi-mugan laino ilunak ageri diren egun lainotsu batean. Kometa zeruan bakarrik existitzen da; musika norbaitek entzuten badu bakarrik existitzen da” .
Horrekin batera, sail desberdinetako epaimahaikideak aurkeztu dituzte ere. Film luzeen atal lehiakorrari dagokionez, Christina Rosenvinge abeslariak, Dario Oliveira Portoko (Portugal) PortoPostDoc jaialdiko zuzendari artistikoak eta Lur Olaizoka zinema-programatzaile eta zuzendariak izango dute palmaresa ebazteko ardura. Film laburren atalaren kasuan, aldiz, Isabel Fernandez euskal konpositore eta ekoizlea, Yago Paris zinema-kritikaria eta Antonio Miguel Arenas Errealizadore Gazteen Jaialdiko zuzendari artistikoa.
Lanak aurkezteko epea, itxita
Nazioarteko film luze eta laburren lehiaketara lanak bidaltzeko epea martxoaren 15era arte egon da zabalik, eta apirilaren 1etik aurrera jakinaraziko dituzte hautatutako proposamenak.
Film laburren (30 minutu baino gutxiagoko lanen) eta film luzeen (60 minututik gorakoen) atalak bereizi dituzte, eta azkeneko 12 hilabeteetan ekoitzitako lanak baino ez dituzte onartuko. Jaialdiak, halaber, bi sari banatuko dituela iragarri du: 2.000 euroko balioa duen film luze onenaren garaikurra, eta 1.000 euroko baliodun film labur onenarena. Gainerako sariak zehazteke daude oraindik.