The Walk On Project Fundazioaren aurtengo sariak badu hartzailea. Edurne Pasaban alpinista eta enpresari tolosarra omenduko du Mendi Film Festival elkarteak, eta 2023ko abenduaren 8an Euskalduna Jauregian egingo duten BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 16. edizioko irekiera-ekitaldian emango diote oroigarria.

Edurne Pasaban WOP saria 2023-zinea

14 zortzimilakoak osatu dituen lehen emakumea da Edurne Pasaban Lizarribar (Tolosa, 1972). 2001 eta 2010 bitartean igo zituen planetako mendirik garaienak, eta arrastoa utzi du historian. Bada, aurten, “alpinismoaren balio sozialak defendatu eta transmititu izanagatik”, merezitako aitortza egingo diote BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 16. edizioan.

Ondorengo hitzak erabiliz ebatzi du erabakia The Walk On Project Fundazioak: “Edurnek nazioarteko lehen mailako kirol-jarduera garatu du mendizaletasunaren munduan, eta emakumeek, gure gizarteko beste hainbat esparrutan bezala, gizonei eskatzen zaienetik haratago saiatu eta erakutsi behar izan dute. Benetakotasunak, konpromisoak, tinkotasunak, ahaleginak, aurrez ezarritako mugak hausteak gidatu dituzte bere mendi-urratsak. Balio horiei gehitu behar zaie Himalaian garatu duen jarrera konprometitua. Eta, azkenik, Edurne, bere irakaskuntza-jardueraren bidez, zoriontasuna bilatzeko borrokaren adibide bat da, geure hauskortasuna aintzatetsiz eta ikusaraziz”.

WOP Mendi Film 2023 saria abenduaren 8an jasoko du alpinista tolosarrak, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 16. edizioko irekiera-ekitaldian, Euskalduna Jauregian. WOP Mendi Film 2023 sariaren hartzailea dela jakitean, bideo bat bidali dio Mendi Filmeko komunitateari eskerrak emanez.

Bizitza osoa bat mendiari emana

Zortzimilakoen zirkuitua osatu zuen garaian jaso zituen Pasabanek bateko zein besteko sari entzutetsuak, besteak beste, Espainiako Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina, Leticia Erregina Kirolaren Sari Nazionala, Euskal Herritar Unibertsala saria eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria. Bada, ordutik, kirol ibilbidea eta ibilbide profesionala uztartzen ditu hizlari eta coach gisa nazioko zein nazioarteko enpresetan.

Neurrira diseinatutako hitzaldiak, prestakuntzak eta tailerrak antolatzen ditu, eta, horietan, taldeei eta pertsonei laguntzen die alpinista gisa izandako esperientzien bidez, beren enpresa-helburuak lortzera iritsi daitezen. Mendi Filmen ere izan da hizlari, eta filmak aurkeztu izan ditu.

Gainera, Mountaineers for Himalayas by Edurne Pasaban elkartearen bidez, urte luzez Himalaian jasotakoa bueltan eskaini nahi die. Bertako haurren hezkuntzarekin lotutako proiektuak garatzen ditu, hain zuzen ere.