Durangoko Berbaro Elkarteak antolatuta, Labur Esanda film laburren lehiaketaren hirugarren edizioa egingo dute martxoaren 24an eta 25ean, Plateruena antzokian. Parte-hartzaileek 24 ordu izango dituzte lan bat osatu eta aurkezteko.
Film laburren rallyak zirraragarriak izaten direla jakitun, Durangoko Berbaro Elkarteak 24 orduko lehiaketa prestatzea erabaki zuen 2020an, eta arrakastarekin pozik (hamabi taldek hartu zuten parte Plateruena Kafe Antzokian egin zuten lehen ekitaldi hartan), urteko hitzordu egonkorra bilakatzea erabaki zuten.
Bada, hirugarren edizioa ospatzera doaz asteburuan, martxoaren 24an eta 25ean. Betiko legez, lehen egunean, 16:00etan, gai bat, objektu bat eta esaldi bat proposatuko zaizkie parte-hartzaileei eta, horiek baliatuta, 24 ordu izango dituzte bere film laburra izango denaren idea landu eta hura grabatzeko. Lan horiek burutu eta gero, 25ean, arratsaldeko 16:00etan, aurkeztu beharko dituzte film laburrak.
Ordu batzuk beranduago, 21:30ean, Plateruena Antzokian elkartuko dira sortzaile guztiak eta bertan egingo da film laburren emanaldia, bai eta sari banaketa ere. Lehiaketak 600€ banatuko ditu saritan.