Martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean ospatuko dute 2023ko Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, eta dagoeneko, xehetasun guztiak argitu dituzte. 100 film inguru pantailaratuko dituzte, 65 saio baino gehiagotan; sarrerak salgai daude.

Punto de Vista-17-aurkezpena

NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua Punto de Vista zinemaldia, ez-fikziozko zinemaren tendentzia berrienak programatzen dituena; zinemagile, sektoreko profesional eta zinemazaleen topagunea. Aurten 17. edizioa ospatuko du, martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean, eta ekitaldiko xehetasunak argitu dituzte gaur Iruñeko Baluarte zentroan.

Aurkezpenean Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilaria, Manuel Asín Punto de Vistako zuzendari artistikoa eta Teresa Morales de Álava Punto de Vistako zuzendari exekutiboa izan dira, eta zehaztu dutenez, 100 film inguru pantailaratuko dituzte, 65 saio baino gehiagotan. Gainera, 75etik gora gonbidatu gerturatuko dira hirira, eta 400 akreditaturen langa gaindituko dute.

Hala, astebetez, nazioarteko ikus-entzunezko komunitatearen “epizentroa” izango da jaialdia, eta zortzi egoitzetan gauzatuko dira filmen proiekzioak, topaketak eta bestelako ekintzak: Baluarten, Golem zinemetan, Oteiza Museoan, Iruñeko Planetarioan, Nafarroako Filmotekan, Civivox Condestablen eta Civican.

Ikusgai izango diren filmak eta jarduera osagarriak zehaztuta, egunez eguneko egitaraua argitaratu zuten aurreko astean, eta saio guztietarako sarrerak ere salgai daude.

Egitarau zabala

AEBn, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Euskal Herrian ekoiztutako filmak aukeratu ditu hautaketa-batzordeak 2023ko sail ofizialean erakusteko, eta denak ere, 10.000 euro opari dituen sari nagusiaren lehian izango dira. Sortzaileei erreparatuz, Sharon Lockhart, Miryam Charles, Ignacio Agüero, Alassane Diago edota Maria Elorza eta Iñigo Salaberria lotzen dituen lanak ikusi ahalko dira, baita Peru Galbete, Malena Zambrani edo Gábor Vargarenak ere. Guztira, 18 filmek osatuko dute lehiaketa nagusia, 10 programatan banatuta.

Atzera begirakoei dagokienez, Peter Nestler dokumentalgile alemaniarrari eskainitakoa eta ‘Zuhaitzetatik urrun’ programak atondu dituzte, eta urtero bezala, hiru foku ere izango dira: Fukuda Katsuhiko zuzendari japoniarra, Ana Poliak zinemagile argentinarra eta Pascale Bodete dokumentalgile frantziarra protagonista dituztenak.

Iazko arrakastaren ostean aurten jarraipena izango duen LAN ataleko mahai-inguruak eta solasaldiak izango dituzte filmen emanaldiek osagarri. Zinema dokumentalaren iruditeriaren eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko jarduerak izango dira. Gainera, zinemaren eta pentsamenduaren gainerako arte eta diziplinen arteko zubigile lana beteko duen CONTACTOS saila asteazkenetik larunbatera izango da protagonista; Eta X Film proiektuko hiru sortzaileek beren lanak garatzeko aukera ziango dute.

Navarra Music Commission delakoarekin abiarazitako elkarteari esker, Punto de Vistako gauak Bar Nicolette ostatuan egingo dira astelehenetik ostiralera, 23:00etatik aurrera, Nafarroako DJek, hala nola Dayanna, DJ Txino eta Nikkak eskainitako saioekin. Gainera, martxoaren 30ean, 22:30etan, kontzertu bat eskainiko du Joseba Irazokik, eta Göoren ikuskizun bat egongo da. Saioa doakoa izanen da, eta gonbitak ohiko kanaletan egongo dira eskuragarri martxoaren 28an. Radio 3 irrati kateak ere bi saio berezi grabatuko ditu.

Azkenik, Punto de Vista jaialdiak Puxika Gorria ludoteka eskainiko du, kontziliazioa ahalbidetzeko asmoz. Sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzako gune berezi bat presatu dute, eta akreditatutako profesionalek ez ezik, publiko orokorrak ere baliatu dezake zerbitzua, martxoaren 30ean eta 31n, eta apirilaren 1ean. Erreserbak webgunean egin daitezke.