Bost eguneko geldialdia egingo du Mendi Tour ziklo ibiltariak EAEko hiriburuan. Martxoaren 20tik 24ra bitartean, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko lan onenak izango dira ikusgai, 19:30etatik aurrera, Gasteizko Vital Fundazioaren Kulturunean.

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte.

Abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatu zuten 2022ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia, hamabosgarrena, eta ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratu dituzten filmak jarri zituzten lehian.  Bada, urtero legez, behin festibala bukatuta, Mendi Filmen ikusgai izan diren lan onenak herriz herri erakutsiko dituzte urte osoan zehar. 2023ko Mendi Tour ziklo ibiltaria abian da jada, eta emanaldi andana dute aurretik programatuta.

Astebeteko egonaldia Gasteizen

Azken asteetan Tolosa, Agurain, Eibar, Santutxu eta Ataundik igaro astean, Arabara itzuliko da gaur ziklo ibiltaria. Orotara, lau emanaldi eskainiko ditu Gasteizen, hilaren 20an, 22an, 23an eta 24an, 19:30etik aurrera Vital Fundazioa Kulturunean.

Besteak beste, Adrenaline sucks (2022), Egoland (2022), This is Beth (2022), New way up (2022), Lobos (2022), Into the Ice (2022), Everest – Sea to Summit (2022), Creation Theory (2022), From shade to light (2022) edota Agur Artzai (2022) euskal filmak izango dira ikusgai.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak 5€-ko prezioa du, eta www.fundacionvital.eus webgunearen bitartez edota saioaren egunean bertan, Vital Fundazioaren leihatilan, eskuratu ahal izango dira.