Ainara gisa ezagunak diren emakumeen migrazio mugimenduaren arrazoiak eta gorabeherak ezagutzeko aukera izango da gaur, martxoak 17, Donostiako San Telmo Museoan egingo duten hitzaldian. Doako saioa izango da eta sarrera librea izango du, edukiera bete artean.
Zaraitzu, Erronkari, Echo… haranetako ehunka emakume gazte izan ziren Ainarak. Pirinioak zeharkatzen zituzten Mauleko (Zuberoa) herria helburu. Inguruko espartin fabriketan lan egiteko bidaiatzen zuten, eta ia mende batez aritu ziren horretan. Emakumeak, askotan 12 urtetik beherakoak, familia eta herria utzi eta lanera joaten ziren, egunean hamasei orduz arituta, diru pixka bat irabazteko. Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joategatik esaten zitzaien Ainarak.
Orain gutxi, gaur Donostian aurkeztuko duten ondarea berreskuratzeko transmedia proiektuaren parte den Ainarak (2022) dokumentalaren bitartez berreskuratu du gaia Maluta Films ekoiztetxeak. Bada, Ainarak.eus webdoka izan da lan elementu eta baliabide anitzen bilduma den lan sakon horren emaitza, non sustatzaileek genero- eta urte-sasoiko migrazio-mugimendu horren memoria berreskuratzeko lan egin duten.
Ritxi Lizartza (Maluta* Films) proiektu buruarekin batera izango dira gaur San Telmo Museoan Gotzon Perez Artutxe -Bidankozarte elkarteko ordezkaria- eta Ansoko Antonio Jesus Gorria -ikerlari eta unibertsitateko irakasle erretiratua-. Egindako lanaren xehetasunak azalduko ditu lehenak, webdoka aurkeztu bitartean; Perez Artutxek, aldiz, migrazioaren arrazoiak eta bidaiaren gorabeherak izango ditu hizpide; eta, amaitzeko, Mauleko egonaldiaz mintzatuko da Gorria.
Hitzordua 19:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango du edukiera bete artean.
Xehetasun gehiago, hemen.