Martxoaren 17an eta 18an, Euskal Herrian ekoiztutako lan dokumentalak eta film laburrak erakutsiko dituzte Urruñako Itsas-mendi zineman. Baionako Bernart Etxepare Lizeoko ikasleek antolatutako ekimena da, eta batutako dirua Iparra-Hegoa festara joateko erabiliko dute.
Bizifilmak izenburupean, Euskal Herrian ekoiztutako film sorta pantailaratuko dute martxoaren 17an eta 18an, Urruñako Itsas-mendi zineman. Bernart Etxepare Lizeoko ikasleek antolatu dute, bigarrenez, Seguran egingo duten Iparra-Hegoa egunera joateko diru-bilketa egiteko asmoz. Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren babesa du ekimenak, eta lan dokumental luzeak zein film laburrak eskainiko dituzte.
Hilaren 17an, 19:00etan ekingo diote lehenengo saioari, eta inoiz pantaila handian erakutsi gabeko ikus-entzunezkoak egongo dira ikusgai. 400 ordu dokumentalak euskara ikasteko kilometro andana egin behar dituzten ikasleak izango ditu protagonista: Mendabiatik (Nafarroa) Lapueblara (Araba) doazen ikasleek laurehun ordu pasatzen dituzte autobusean, ikasturtero, eta horiei ahotsa eman diete Aimar Lopez, Naroa Rodriguez, Urko Seijo eta Oibar Uribarrik.
Seaska, Ikastolaz haratago lana, aldiz, Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek sortu dute, eta Seaskari buruzko begirada proposatu dute Hegoaldetik, ez historikoa, baizik eta gaur egungoa. Garikoitz Barandiaran Arrieta, Iñaki Lizarraga eta Malen Trenado dira zuzendariak. Hirugarrenik, euskal curriculum nazionalaren itsasertzez hitz egingo duen Irlak (Sara Iriarte, Garaia Pagola, Leire Uranga eta Eneko Bidegain) emango dute.
Ostean, hiru film labur proiektatuko dituzte, horietako bi Etxepare lizeoan errodatutako fikziozko lanak, Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen laguntzarekin: Azken emanaldia eta Ezkeip Geim. Aldiz, Ainarak Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleek egin dute.
Bizifilmak jaialdiaren bigarren edizioak jarraipena izango du larunbatean. 11:00etan hasiko dituzte emanaldiak, Urruñako Itsas-mendi zineman bertan, eta oihartzuna izaten ari diren bi ekoizpen pantailaratuko dituzte. Sarrera bakoitzak 4 euro balio du. Batetik, Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendutako eta Arteman Komunikazioa taldeak ekoitzitako Erraiak (2018) dokumentala, irrintziaren jatorria aztergai duena. Bestetik, Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako Bi arnas (2022) lana, Iratxe Sorzabal presoak jasandako torturak abiapuntu dituena.