Ohi bezala, 30 minutuko euskarazko filmak aurkez daitezke. Beste hizkuntzaren bat erabiliz gero, azpitituluak jarri (edo irudira txertatu) beharko dira euskaraz. Lanak aurkezteko azken eguna 2023ko uztailaren 31 da.
Jarraitu zinearen lorratza lelopean, 46. edizioa ospatuko du aurten Lekeitioko Euskal Zine Bilerak urriaren 19tik 22ra bitartean, eta dagoeneko, filmak aurkezteko epea zabaldu dute antolatzaileek. “Zinea eskutik eskura pasatzen doan lekukoa da, istorio bat belarritik belarrira kontatzen den moduan, eta aho bakoitzean desberdina bilakatzen den lez. Aurten ere, Euskal Zine Bilera, euskarazko zine-zidorrak zabalduko dizkiguten bidegile berrien erakusleiho eta bidelagun zaharren topaleku izango da”.
Urtero legez, euskara hutsezko lanak galdegin dituzte, eta beste hizkuntzaren bat erabiliz gero, azpitituluak jarri (edo irudira txertatu) beharko dira euskaraz. Gehienez, 30 minutuko piezak aurkez daitezke, edozein genero edo tratamendu zinematografiko lantzen dituztenak. Ez dute onartuko 2022ko urria baino lehen egindako film laburrik, ezta aurreko edizioetan lehiatu denik ere.
Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartu nahi dutenek jaialdiaren webgunean ahalbidetu duten izen-emate fitxa bete beharko dute, eta lanak Youtube edota Vimeo kanaletara igo, pasahitza edo esteka pribatuarekin. Gainera, hiru fotograma, kartela (edukiko balu) eta egilearen datu pertsonalak erantsi beharko dira. Epemuga 2023ko uztailaren 31 da.
Aurkeztutako obrak aukeraketa batzordeak ikuskatuko ditu, eta irailean jakinaraziko dute sail ofizialean zein bestelako atalean parte hartuko duten proiektuen zerrenda. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Lea-Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo.
Sari potoloak
Iazko edizioari jarraiki, aurrekoetan baino sari gehiago eta potoloagoak banatuko dituzte 46. Euskal Zine Bileran. Film onenak 3.000 euro jasoko ditu, zuzendari eta gidoi onenek 1.600 euro bakoitzak. Ikus-entzuleek ere izango dute gogokoen duten lana aukeratzeko tartea, eta 750 euro banatuko dituzte.
Aurten, gainera, 2001. urtetik aurrera jaiotako sortzaileen lana errekonozituko du Gazte 22 sariak. Sail honetan lehiatu nahi duenak izen-emate orrian hala adierazi beharko du, eta eskariari NAN kopia bat erantsi beharko dio. Kasu honetan ere, irabazleari 750 euro emango dizkiote.
Euskal Zine Bileraren webgunean aurki ditzakezue oinarriak eta baldintzak.