Martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean ospatuko dute 17. Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, eta dagoeneko, zinema emanaldi, topaketa eta bestelako jardueretara gerturatzeko sarrerak salgai daude. Saio bakoitzerako sarrerak 3 euroko kostua du.
NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua da Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, eta martxoaren 27tik apirilaren 1era gauzatuko dute 17. edizioa. Ikusgai izango diren filmak eta jarduera osagarriak zehaztuta, egunez eguneko egitaraua argitaratu zuten aurreko astean, eta gaur berriz, sarrerak jarri dituzte salgai.
Arduradunek zehaztu dutenez, saio bakoitzera gerturatzeak 3 euroko kostua izango du, eta jaialdiaren webgunean bertan eskuratu daitezke. Hala ere, zenbait ekintza doakoak izango dira.
Astebetez, nazioarteko ikus-entzunezko komunitatearen “epizentroa” izango da Punto de Vista jaialdia, eta ondoko egoitzetan gauzatuko dira filmen proiekzioak, topaketak eta bestelako ekintzak: Baluarten, Golem zinemetan, Oteiza Museoan, Iruñeko Planetarioan, Nafarroako Filmotekan, Civivox Condestablen eta Civican.
Zazpi ataleko egitaraua
AEBn, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Euskal Herrian ekoiztutako filmak aukeratu ditu hautaketa-batzordeak 2023ko sail ofizialean erakusteko, eta denak ere, 10.000 euro opari dituen sari nagusiaren lehian izango dira. Sortzaileei erreparatuz, Sharon Lockhart, Miryam Charles, Ignacio Agüero, Alassane Diago edota Maria Elorza eta Iñigo Salaberria lotzen dituen lanak ikusi ahalko dira, baita Peru Galbete, Malena Zambrani edo Gábor Vargarenak ere. Guztira, 18 filmek osatuko dute lehiaketa nagusia, 10 programatan banatuta.
Atzera begirakoei dagokienez, Peter Nestler dokumentalgile alemaniarrari eskainitakoa eta ‘Zuhaitzetatik urrun’ programak atondu dituzte, eta urtero bezala, hiru foku ere izango dira: Fukuda Katsuhiko zuzendari japoniarra, Ana Poliak zinemagile argentinarra eta Pascale Bodete dokumentalgile frantziarra protagonista dituztenak.
Iazko arrakastaren ostean aurten jarraipena izango duen LAN ataleko mahai-inguruak eta solasaldiak izango dituzte filmen emanaldiek osagarri. Zinema dokumentalaren iruditeriaren eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko jarduerak izango dira. Gainera, zinemaren eta pentsamenduaren gainerako arte eta diziplinen arteko zubigile lana beteko duen CONTACTOS saila asteazkenetik larunbatera izango da protagonista.
Azkenik, Punto de Vista jaialdiak Puxika Gorria ludoteka eskainiko du, kontziliazioa ahalbidetzeko asmoz. Sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzako gune berezi bat presatu dute, eta akreditatutako profesionalek ez ezik, publiko orokorrak ere baliatu dezake zerbitzua, martxoaren 30ean eta 31n, eta apirilaren 1ean. Erreserbak webgunean egin daitezke.