Metabertsoak ardatz dituen abentura basatiak zazpi estatuatxo irabazi ditu bart, Hollywoodeko Akademiaren galan. Hitzorduko bigarren protagonista nagusia Netflixek ekoiztutako All Quiet on the Western Front film beliko alemaniarra izan da, lau garaikurrekin.

Oscar sariak 2023-zinea

Ezustekoek beti dute tokia Hollywoodeko Akademiaren galan, nolabait, polemikek eta espero gabeko erabakiek ematen baitiote bazka hitzorduari. Jimmy Kimmel komikoak gidatu du, aurten ere, Los Angeleseko Dolby Theatre antzokian ospatutako Oscar sarien ekitaldia, baina gorabehera handirik gabe banatu dituzte bart 95. edizioko estatuatxoak, halakorik esan badaiteke. Everything Everywhere All at Once filmaren arrakastak bereganatu du arreta; 11 hautagaitzarekin faborito nagusia zen, eta ez du hutsik egin.

Zazpi estatuatxo lortu ditu metabertsoak hizketagai dituen lan sailkaezinak, kategoria nagusienetakoak gainera: film onena, zuzendaritza onena (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert), taldeko gizonezko aktore onena (Ke Huy Quan), taldeko emakumezko aktore onena (Jamie Lee Curtis), muntaketa eta jatorrizko gidoi onenak. Baita emakumezko aktore onena ere: Michelle Yeoh asiar jatorriko lehen aktorea bilakatu da saria jasotzen, eta bere hirugarren estatuatxorik gabe utzi du beharbada ziurrenentzat ematen zen aitortza, Cate Blanchett (TÁR, Todd Fields) hartzaile beharko lukeena. Gizoneko aktore onena, aldiz, Brendan Fraser izendatu dute, The Whalen (Darren Aronofsky) egindako interpretazioagatik.

Ekitaldiko bigarren protagonista All Quiet on the Western Front (Edward Berger) ekoizpen alemaniarra izan da. BAFTA sariketan nagusi izatetik zetorren, eta azken hilabeteetan izandako goranzko joerak berretsi egin du inustria anglosaxoian izandako harrera beroa. Argentina 1985ri (Santiago Mitre) aurre hartu dio nazioarteko film onenaren kategorian, eta argazki zuzendaritza onena, ekoizpen diseinu onena eta soinu banda onenaren sariak ere irabazi ditu.

Azken kategoria honetan, Babylon ematen zuten askok nagusitzat, baina esku hutsik ez ezik, barregarri utzi dute gau osoan zehar Damien Chazelleren obra. Izan ere,  aurkezlearen txiste eta bromen helburu izan da. The Fabelmans (Steven Spielberg), The Banshees of Inisherin (Martin McDonagh) eta Elvis (Baz Luhrmann) lanek ez dute aitortza bakar bat ere ez jaso, aldiz, egokitutako gidoi onenarekin soilik saritu dute Women Talking (Sarah Polley).

Bestalde, Guillermo del Toro zinemagile mexikarrak Carlo Collodiren ipuinean oinarritutako egurrezko sudurluzearen egokitzapenak, Guillermo del Toro’s Pinocchio, animazioko film luze onenaren Oscar saria irabazi du, eta Kremnlinaren aurkako borrokan disidente direnei buruzko Navalny (Daniel Roher) izan da dokumental luze onena. Fikziozko film labur onena An Irish Goodby (Tom Berkeley eta Ross White) erabaki dute akademikoek.

Jarraian ezagutu 97. Oscar sarietako irabazleen zerrenda osatua.