Idazle bilbotarraren “izena eta lana” gogora ekarriko ditu Loraldia Festibalak bihar, martxoaren 11n (larunbata). Izan ere, egun osoko egitaraua prestatu dute: Arestiren  leku eta erreferentzien bila itsasontziz ibilbide gidatu bat egingo da, goizean; eguerdian, bazkari – ikuskizuna; eta iluntzean, Otxarkoaga – Bilbo. Biola bat ala mailu bat ikus-entzunezko laburra proiektatuko dute Ugarte plazako eraikin baten horman.

ARESTI-EGUNA-zinea

Gabriel Aresti Segurola Bilboko euskal idazlea eta poeta omenduko du bihar, martxoak 11, Loraldia Festibalak. Txillardegi eta Ramon Saizarbitoriarekin batera, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat izan zen bai formaren baita edukien aldetik ere: “1960ko hamarkadan, garai harekin oso lotuta, poesia sozial eta kritikoa egin zuen, Euskal Herriaren egoera salatzeko”.

Gabriel Aresti Kultur Elkartearekin elkarlanean, Karmelo Landa izan da sortzailearen sormena “Bilboko erdigunera” ekartzeaz arduratu dena. Hala, bilbotarrari propio eskainitako egitaraua prestatu dute ekimenaren bederatzigarren edizioaren baitan, haren “izena eta lana” gogoratzeko asmoz.

Hiru hitzorduk osatuko dute Bilbon dabil Gabriel Aresti eguna, eta itsasontziz egindako ibilbide gidatu batekin ekingo diote. Ibaizabal itsasadarrean zehar Bilboats ontzian Arestiren leku eta erreferentzien bila abiatuko dira, Xabier Monasterio eta Landa bera lemazain direla. Eguerdian, aldiz, Kafe Antzokian bazkari-ikuskizun bat eskainiko dute, besteak beste, Mikel Martinez aktoreak antzeztutako antzerki obra tarteko.

Egunari ikus-entzunezko emanaldi berezi batek emango dio bukaera. Otxarkoagako Ugarte plazan kokatutako eraikin bateko horman Otxarkoaga – Bilbo. Biola bat ala mailu bat obra bisuala proiektatuko dute, 20:30ean hasita. Landak idatzitako gidoia abiapuntu hartuta, Alphax estudioak eta Mikel Clementek 15 minutuko iraupena duen pieza sortu dute, eta Nerea Lizarralde eta Maider Cardenas ditu aktore.

Bilbotarrak idatzitako Jainkoa jaio zen Otxarkoagan ipuina du oinarri, eta hiriari buruzko gogoeta proposatuko du, Arestiren begiradatik: Otxarkoagatik abiatuta bi gazte Bilbon zehar ibiliko dira. Lehengo eta oraingo hiria izango dute mintzagai.

Mailua gara!

Euskaraz sortzen diren kultur adierazpen anitzen plaza izan da sorreratik Loraldia Festibala. Are, agente dinamizatzailea bilakatu da urteetako bere ibilbidean zehar, eta sortzaileak zirikatu izan ditu sormenaren mugak arrakalatu eta ordura arte irudikatu gabeko diziplinak lantzeko, ikuskizun erakargarriak sortzeko eta euren sormena Bilboko erdigunera ekartzeko. Tokia eta fokua eman diote euskal sormenari; sortzaile berriak deskubritu eta hertzetakoak erdigunera ekarri. Sortzaileen arteko lankidetzak sustatu eta, hala, proposamen ausartak mahaigaineratu. Iturri zaharretik edan, ur berria emateko.

Euskaraz eta Bilbon, ia martxo osoa hartuko duen ikuskizun-ziklo berria martxan da hilaren 9az geroztik. Mailua gara! lelopean, hiriguneko hamalau espazio desberdin hartuko ditu egitarauak, eta euskal kulturaren hainbat erreferentek eskainitako emanaldi eta ekintzak izango ditu protagonista, hala nola, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Karmelo Landa, Aire Ahizpak, Ines Osinaga, Mikel Martinez, Miren Amuriza, Igor Elorza, Rafa Rueda, Beñat Axiari, Joseba Irazoki,  Kukai dantza taldea, Eneritz Dueso, Lorea Argarate, Amaia Agirre, Danele Sarriugarte, Maddi Ane Txoperena, Maider Arregi, Miren Narbaiza eta Castillo Suarez.

Ikusi egitarau osoa hemen.