2023ko martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean ospatuko dute Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren edizio berria, eta dagoeneko egun eta saio bakoitzerako sarrerak eskuragarri daude, zinemaldiaren webgunean.

Punto de vista-zinea

NICDO sozietate publikoak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako hitzordua da Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, eta martxoaren 27tik apirilaren 1era gauzatuko dute 17. edizioa. Bada, ikusgai izango diren filmak eta jarduera osagarriak zehaztuta, egunez eguneko egitaraua argitaratu dute.

AEBn, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon, Alemanian eta Euskal Herrian ekoiztutako filmak aukeratu ditu hautaketa-batzordeak 2023ko sail ofizialean erakusteko, eta denak ere, 10.000 euro opari dituen sari nagusiaren lehian izango dira. Sortzaileei erreparatuz, Sharon Lockhart, Miryam Charles, Ignacio Agüero, Alassane Diago edota Maria Elorza eta Iñigo Salaberria lotzen dituen lanak ikusi ahalko dira, baita Peru Galbete, Malena Zambrani edo Gábor Vargarenak ere.

Mundu mailako sei estreinaldi, nazioarteko bat, Europa mailako bi, eta espainiar lurraldean aurrenekoz ikusgai izango diren zortzi lan, guztira. 10 programatan banatuta, bakoitzak ordu t’erdi inguru iraungo du, eta hilaren 27an hasita, 10:00etan eta 12:00etan (edo 12:30ean) erakutsiko dituzte, egunez egun; baita 16:00etan eta 19:00etan (edo 19:30ean) ere.

Jaialdiaren irekiera-ekitaldia, 20:00etan egingo dute, Baluarten, eta Peter Nestler dokumentalgile alemaniarrari eskainitako atzera begirakoaren parte diren Die Donau rauf (1969) eta Zeit (1992) pantailaratuko dituzte. ‘Zuhaitzetatik urrun’ atzera begirakoaren lehenengo saioa ere hartuko du lehen egunak.

Bada, apirilaren 1era bitartean joango dira bi programak hedatzen, eta tartean, Fukuda Katsuhiko zuzendari japoniarra, Ana Poliak zinemagile argentinarra eta Pascale Bodete dokumentalgile frantziarra protagonista dituzten fokuak garatzen.

Filmen emanaldiek, iazko arrakastaren ostean aurten jarraipena izango duen LAN ataleko mahai-inguruak eta solasaldiak izango dituzte osagarri. Zinema dokumentalaren iruditeriaren eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko jarduerak izango dira. Gainera, zinemaren eta pentsamenduaren gainerako arte eta diziplinen arteko zubigile lana beteko duen CONTACTOS saila asteazkenetik larunbatera izango da protagonista.

Ezagutu egunez eguneko egitaraua, Punto de Vista jaialdiaren webgunean. Sarrerak ere eskuragarri daude dagoeneko.