Zinemaldiko kide izandako José Ángel Herrero-Velarderen izena daramaten hiru beka eskainiko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak, Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak. 2023ko martxoaren 15etik apirilaren 17ra bitartean aurkez daitezke proiektuak, eta behin hautaketa ebatzita, onuradunek 3.500 euroko diru-laguntza bana jasoko dute artikulu akademikoak idazteko.
Gipuzkoako lurralde historikoan bizi edo jaio diren ikertzaileei zuzendutako José Ángel Herrero-Velarde bekak sustatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak. Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatuta, hiru diru-laguntza emango ditu programaren lehenengo edizioa izango den honetan. Lau hamarkadaz, jaialdiko funtsezko figura izan Herreo-Velarde, zuzendaritza eta hautaketa batzordeko kidea. Iaz zendu zen, eta hari ohore egiten diote bekek.
Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerkuntza-proiektutik abiatutako ondare historikoa Artxiboa webgunean jarri izanaren ondorioa da ekimena, eta ikerketa sustatzeko eta tokiko ikerketa zinematografikoaren garapena bermatzeko helburua dauka. Hain zuzen ere, Donostia Zinemaldiaren memoria materialean oinarritzen diren artikulu akademikoak argitaratuko dituzte beken onuradunek, hala, jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko elkarrizketa ezarriko da.
Programan parte hartzen duten instituzioek osatuko duten batzorde batek ikuskatuko ditu hiru artikuluok. Gainera, Zinemaldia testuak argitara daitezen ahaleginduko da, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari ospetsuen arteko bitartekari gisa jardungo du. Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen batzordeak ere kontuan hartuko dituela aurreratu dute eragile bultzatzaileek.
Bekaren eskabidea
José Ángel Herrero-Velarde beka eskatu nahi dutenek proiektu bat aurkeztu beharko dute ikerketaren gaia, metodologia eta iturriak zehaztuz. Horiei atxikita, asmo-gutun bat eta curriculuma gehituko zaie, eta Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman ahalbidetutako atalera igo.
Deialdia 2023ko martxoaren 15etik apirilaren 17ra artekoa izango da. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Maiatza bukaeran edota ekaina hasieran emango dute hautatutako hiru proiektuen berri; egonaldia uztailean izango da, Tabakaleran.
Bekaren onuradunek 3.500 euroko diru-laguntza bana jasoko dute, eta bi astez Zinemaldiaren artxibo historikora sarbidea baimenduko zaie, kontsulta-egunei dagozkien dietak ere eskainiz. Gainera, programak Gipuzkoako lurralde historikoan bizi ez diren eta programan parte hartzeko hautagai izan daitezkeen onuradunen bidaia eta ostatua bere gain hartuko ditu.
Ondutako ikerketek 6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte, eta zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira; luzapenak eskatzeko aukera dago, gehienez, bi hilabete.
Bekaren inguruko informazioa eta oinarriak, jarraian.