Beth Gelb Amnesty Internationalek Espainiako lurraldeko ordezkaritzan duen presidenteak gaur (martxoak 9) Zumarragan eta bihar (martxoak 10) Irunen egingo dituzten emanaldiak aurkeztuko ditu. Palestinar herriari Israel egiten ari zaion apartheidaren kontrako kanpainaren baitan antolatu ditu jarduerok AIk.

Fadias Tree-zinea

Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldian Amnesty International Sariaren onuradun izan zen Fadia’sTree (Sarah Beddington, 2021) filmak hainbat emanaldi izango ditu Gipuzkoan, datozen egunotan. Filmak Beiruten babestuta dagoen emakume palestinar baten egoerari heltzen dio. AIk, saria erabakitzeko garaian zera nabarmendu zuen: “Gogoeta eginarazten du unibertsalak diren gorabeheren gainean; hots, jendearen mugikortasuna baldintzatzen duten mugak eta hormak izatea zeinetan giza eskubideen urraketak gerta baitaitezke”.

Gaur, martxoak 9, Zumarragan pantailaratuko dute filma (Zelai Arizti aretoan, 20:30ean), eta bihar, aldiz, Irunen (Amaia Kultur Zentroan, 19:00etan). Bi saiootan Beth Gelb Amnesty Internationalek Espainiako lurraldeko ordezkaritzan duen presidentea izango da gonbidatu berezia, eta emanaldien osteko hizketaldian parte hartuko du. Bertaratu nahi dutenek ez dute ezer ordaindu beharko, izan ere, sarrera doan da, edukiera bete arte.

Aurrenekoz egingo du bisita jaiotzez iparramerikarra den Gelbek Hego Euskal Herrira. Kazetaritzan lizentziaduna da, Zientzia Politikoetan espezializatua Bostongo Unibertsitatean, eta interprete ziurtagiria du, Georgetowngo Unibertsitateak emana. Profesionalki, goi mailako itzulpenak eta interpretazioak egin izan ditu, eta nazioarteko goi bilera askotan parte hartu izan du herrialdez herrialde.

30 urte baino gehiago daramatza giza eskubideen defentsan, eta besteak beste, heriotza zigorraren kontrako lantaldeak eta nazioarteko informaziokoak koordinatu ditu. Gainera, askotariko karguak eta ordezkaritzak izan ditu erakundean 1996tik, espainiar lurraldean zein Europar Batasunean.

Apartheidaren kontrako kanpaina

Palestinar herriari Israel egiten ari zaion apartheidaren kontrako kanpaina garatzen ari da Amnesty International, eta horren baitan antolatu dute Fadia’sTree dokumentalaren emanaldi sorta. Izan ere, 2022ko otsailean, giza eskubideak defendatzen dituen erakundeak txosten bat argitaratu zuen 1948az geroztik Israelek apartheidaren antzeko erregimen instituzionalizatu bat duela azalduz, palestinarrak mendean izateko erregimen zapaltzaile eta menderatzailea.

Txostenaren arabera, enpresek erantzukizunez ebaluatu behar dituzte Israelen eta Palestinako lurralde okupatuetan dituzten jarduerak, eta bermatu behar dute ez diotela sistemari laguntzen eta ez direla hortik etekinak ateratzeari. CAF Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles gipuzkoar konpainiaren harira, 2019an 1.800 milioi euroko kontratu bat esleitu zioten Jerusalemgo tren arina Israelen hedatzeko; horren ondorioz, palestinarren etxeak husten eta eraisten ari dira.