Uztaila baino lehen estreinatuko dute En el nombre de ellas (Haien izenean) dokumentala, Kote Cabezudo auziaren ingurukoa. Disney Plus-ek emisioa baztertu eta gero, NETFLIX plataformak emango du azkenik.
Lau ordutik gorako lan dokumental honetan, Kote Cabezudoren aurkako prozesu judiziala jaso du Sr. Mono ekoiztetxeak. 2013an, modelo lanak egindako emakume batek jarritako salaketak abiatu zuen auzia; eta hamaika izan dira atzetik iritsitakoak. Modeloak jazarri, sexu-abusuak egin eta iruzurra leporatu diote argazkilari donostiarrari. Urte hasieran gauzatu zen haren aurkako epaiketa, eta 28 urte eta bi hilabeteko zigorra jarri diote.
Azaroaren 23an zen estreinatzekoa En el nombre de ellas (Haien izenean), baina eskubideen jabe zen Disney Plus plataformak emisioa baztertzea erabaki zuen azkenean, hutsunearen inguruko inolako argibiderik eman gabe. BERRIA egunkariak jasotakoaren arabera, Sr. Mono ekoiztetxeari itzuli zizkion emisiorako eskubideak.
Bada, Sr. Monok programa beste plataforma edo hedabide bati saltzeko hautua egin zuen orduan eta, azkenik, Netflix plataformak emango du Kote Cabezudoren inguruko dokumental saioa. Horrela baieztatu dute Eduardo Mendoza zuzendariak eta Iñigo-Perez Tabernero ekoizleak.