Zuzendaria: Alice Diop
Urtea: 2022
Herrialdea: Frantzia
Alice Diopen ibilbideak gizarte behatzaile esentziadun egilea dela esaten digu, izan ere, bere aurreko dokumentaletan (Saint Omer hau da bere lehen fikzio lana) gizarte argazki adierazkorrak helarazi dizkigu, askotan jatorri afrikarreko emakumeek Frantzia garaikidean daukaten egoeraren ingurukoak. Berez hemen ere gaiak ez dira gehiegi desbideratzen, nahiz eta zine judizialaren alorrean sartuko garen bete-betean: Laurence Coly (Guslagie Malanda) epaitua izango da bere 15 hilabeteko alaba hil izanagatik, itsasoaren gorakadak har zezan utzi baitzuen. Berez pelikularen soiltasuna sinopsi labur horretan espresa liteke, baina xehetasunak dira, beti bezala, inporta dutenak. Laurence Senegaletik iritsiriko emakume gaztea da, filosofia ikasi zuena eta gizon ezkondu batekin alaba izan zuena. Pelikularen izatasun ere bada gure begirada, nolabait, Ramarena (Kayije Kagame) izango dela, filmean azaltzen den beste pertsonaia nagusiarena: arrakastadun idazlea da, bera ere jatorri afrikarrekoa, eta Medearen mitoan oinarritutako liburua idazten ari den heinean, epaiketara entzule gisa doa.
Hala, nora eza eragiten duten hainbat faktore badira filmean. Lehenik eta behin, pelikularen hastapena bera. Gaueko hondartza batetan ematen diren bi irudi ilunek hitzaurrea azkarra eratzen dute, baina horren ondoren Ramaren egunerokotasunean murgilduko gara bete-betean. Zentzudun erabakia da (gero ulertuko dugu), baina harrigarria da dramatikoki horren konflikto boteretsua duen filmak lehenengo pasarte osoa, itxuraz konflikto gabeko pertsonaiari eman izana.
Edonola, behin epaiketa hasita, Laurence-en istorioan sartuko gara. Iparrorratza birkokatzea galdegingo digun beste faktorea atmosferan dagoen nolabaiteko hoztasuna izango litzateke. Infantizidioa bezalako gaia erdigunean dela kontutan hartuta, denak kutsu neurrigabea izateko aurreikuspena izan genezake. Baina egiten den garapenean ez da eztanda emozionalik ematen, denak Robert Bressonen film baten kutsua izango balu bezala (Procés de Jeanne d’Arc gogora dator ezinbestean). Aldi berean horrek kiribil hipnotiko batetan sartuko gaitu, emakume honen bizitzaren inguruko kontaketak gure arreta osoa zurrupatuko balu bezala. Zentzu horretan, Malandaren magnetismoa eta ukitu enigmatikoa izango dira pelikularen tresna boteretsuenetarikoa, Diopen marrazte filmikoarekin batera. Izan ere, gutxiago gehiago denaren arrazoiketa zoragarri funtzionatzen dio. Irudi mota berdintsu eta luzeak etengabe, pertsonaia bakoitzaren plano ertain zabala hondo sinbolikoz aberastuz (Laurence pareta marroi argi horretan mimetizatua, ikusezin bailitzan; fiskaltzak atzealdean duen leiho argiztatua…), eta publikoan eserita dagoen Ramaren plano subjektiboaren erabilera emankorra.
Osagai guztiokin eratuko da juzkuak baztertzen dituen epaiketa filma. Laurencek bere burua errugabe dela adierazten du, eta bere alaba hiltzen zergatik hiltzen utzi zuenaren galderari erantzungo dio “ez dakit, baina epaiketak hori ulertzen laguntzea nahiko nuke”. Epaiketaren prozedimenduak asko izango du psikologikotik, Laurencen gaztaroa azalduko zaigu, Senegaletik iritsi eta ikasle bezala eginiko bidea, nolabait inoren errua konkretuki ez bada ere, nola gizarteak isolatu zuen eta zaurgarri bilakatu. Filma trebea da pantailaratzen ez diren faktoreek dena zipriztindu dezaten uzten. Ez da, esaterako, Laurencen bizitzaren flashbackik azalduko, akaso bere arazoak uler genitzan errekurtso erraz(egi)a. Edo kasu mediatikoa dela iradokiko zaigu, nahiz eta ez den iskanbila publikoaren irudirik azalduko. Baina bai esango zaigu nola azpimarratzen den frantses baten edukazioz espresatzen den neska dela, afrikar jatorria izanagatik jarrera traketsagoa izatea ulergarriagoa balitz bezala. Edo sarritan leporatuko zaio epaiketan haurdun geratzea kalkulatutako plana izan zela. Gutxinaka gizarte estigmak lerrokatuko dira: emakume, txiro, ama, etorkin, beltz. Gertatutakoak buru osasunarekin erlazioa duela argi dagoen kasuan, faktore guzti horien zama baztertzea zilegia ote?
Izan ere, pelikulak bere izatasunaren beste zutabea ederki baliatzen du gizarte argazkia sendotzeko: Identifikazioaren beldurra (edo alderantziz): prozesua zenbat eta aurrerago joan orduan eta gehiago lerrokatuko da Rama Laurence-en ibilbidearekin, nolabait bere bide propioa horren desberdina ez denaren sentsazioa izango baitu. Lehen esan dugu ez dela Laurenceen flashback-ik plazaratzen. Baina Ramarenak bai, era ugarian gainera. Beti ere amarekin dituen hartu-emanak izango dira, disziplina zurruna inposatu zion pertsona da. Berez Laurence-en istorioan txerta litezke pasarteok, kontaketan amaren presiopean hazitako neska dela esan baitzaigu. Ama eta alaba izatearen zubi hori da pelikulak helarazten duen beste gakoetako bat. Izan ere, ondorioetan baino gertakarien sustraietan jarri nahi du fokoa Alice Diopek, erantzun eta juzku erraz eta azalekoak baztertzen dituen pelikula interesgarri honetan.