Hilero-hilero, Donostia Zinemaldiaren Artxiboaren lan-taldeak hilabeteko dokumentua nabarmentzen du, artxibo historikoa arakatzeko ekimen gisara. Bada, gaurko egunez argitaratuko duten irudi berezi baten bidez, Pierre Clémenti aktore eta zuzendari frantziarra irudikatu dute martxoko protagonista.
ARTXIBOA herritarrek eta adituek Donostia Zinemaldiaren 70 urteko historiari buruzko kontsultak egiteko web-orria da, eta helburu du artxibo bizi bat sortzea. Bestela esanda, festibalaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune bat izan nahi du, pentsamenduarekin, ikerketarekin eta sorkuntza garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketei irekita. Horretarako, proiektuaren hasieratik, ikerketa-foku ezberdinak definitu dira, denborak aurrera egin ahala garatzen joango direnak; eta, gainera, hilero-hilero, bilduma digital osotik (egunkariak, kartelak edo argazkiak) hilabeteko dokumentua izendatu dutena nabarmenduko duen ekimena abiatu dute.
Bada, Hilabeteko dokumentuaren bidez (irudi edo espediente bat izan daiteke), Zinemaldiaren funtsei buruzko informazioa zabaltzeko bide berri bat zabaldu nahi dute. Esate baterako, abenduan, Artxiboaren inaugurazioarekin bat, Pedro Almodóvar gazte-gazte baten baimen bat eman zen ezagutzera, 1980koa. Hain zuzen ere, Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón filma, Auzo eta Herrien Batzordearen bidez, Euskadiko eta Nafarroako zenbait herritan proiektatzeko baimen bat zen. Urtarrilean, aldiz, bigarren edizioko posterra berreskuratu zen. José María González Castrillo ‘Chumy Chúmez’ umorista, idazle eta zinemagileak diseinatu zuen, eta Zinemaldian gordetzen den kartel-materialik zaharrena da. Otsailean, bestalde, Berlineko zinema-jaialdiari keinu bat eginez, Pilar Olascoaga Zinemaldiko idazkari nagusiak –Zinemaldiaren ezinbesteko pertsonetako bat izan zen– Berlineko zinema-jaialdian erabili zuen akreditazioa eman zen ezagutzera.
Hala, gaur argitaratu dute martxoko protagonista den Pierre Clémenti aktore eta zuzendari frantziarrari dagokion eduki berezia. Clémenti 1979an izan zen Zinemaldian, garaiko Errealizadore Berriak sailean, bere New Old filmarekin. Aktorea, besteak beste, Luis Buñuelen Belle de jour filmean (1967) aritu zen, eta Visconti, Pasolini eta Bertolucci zuzendariekin ere lan egin zuen. Zinemaldira egin zuen bisitaren arrasto nabarmena dago Artxiboan. Dokumentuen artean, José Pérez Ocaña aktorearen besotik helduta Victoria Eugenia antzokira sartu zeneko irudia dago.
Ikusi xehetasun gehiago, hemen.